Politika -
Entzuketak
Kataluniako Parlamentuak kargutik kenduko du De Alfonso
JxSí, C's, PSC, SíQueEsPot eta CUP talde parlamentarioek egin dute eskera. De Alfonsok ohartarazi egin du ez dagoela kargutik kentzeko oinarririk.
Agentziak | Erredakzioa
Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren Bulegoko zuzendaria kargutik kentzeko prozesua hastea erabaki du gaur Kataluniako Parlamentuko mahaiak. Eskaera JxSí, C's, PSC, SíQueEsPot eta CUP talde parlamentarioak egin dute. Erabakiaren berri Carme Forcadellek egin du prentsaurrekoan.
"Iruzurrari modu gogorrean aurre egiteko prest gaude eta eraginkorrak gara kasu bat atzematen dugunean", adierazi du Kataluniako parlamentuko presidenteak. Jorge Fernandez Diazen eta Daniel de Alfonsoren arteko elkarrizketak ezagutu ondoren ezohiko bilera egin du parlamentuko mahaiak.
Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoko (Oac) zuzendariak iragarri du Joan egingo dela azalpenak ematera Kataluniako Parlamentura, baina, ohartarazi duenez, ez dago oinarri legalik ganberak kargutik kendu ahal izateko eta, hala egiten badute, auzitara joko du.
"Ez dut inoiz utzikeriarik egin, baizik eta gehiegizko prestasunez aritu naiz", esan du.
De Alfonso, EFEk egindako elkarrizketa batean
Iruzurraren aurkako zuzendariaren esanetan, gaur bertan utzi du kargua Oac-ren zuzendarien esku, eta aho batez eskatu diote -boto sekretu bidez egindako bozketa batean- karguari eusteko, hori dela eta, ez du dimititzeko asmorik, bere taldearen konfiantza duelako eta ez duelako uste oinarri legalik dagoenik.
"Iruzurraren aurkako Bulegoa ez dago gorabehera politikoen edo interesatuen menpe, aurre hauteskunde zein hauteskunde ondoko uneetan. Bulegoak zuzen jardun du, bere eskumenen baitan", berretsi du.
De Alfonsoren arabera, bi bide baino ez daude berak kargua uzteko: dimisioa ematea, hori ez dago aukeren artean, bere kolaboratzaileen erabateko babesa jaso duelako gaur, edo Parlamentuak kargutik kentzea, Oac.ren araudiaren 11. artikulua oinarri hartuta, "ageriko utzikeria larria dagoenean eginkizunetan".