Politika -
Auto judiziala
Auzitegi Nazionalak uko egin dio Arantza Zulueta askatzeko eskaerari
De Prada epaileak kartzelatik ateratzea defendatu du boto partikular baten bidez, 'agerikoa delako ETAk jarduera terroristari utzi diola'.
Agentziak | Erredakzioa
Audientzia Nazionalak baztertu egin du Arantza Zulueta abokatua aske uzteko egindako eskaera. Zuluetari KT (Koordinadora Taldea) zuzentzea leporatzen diote.
Bere defentsak espetxetik ateratzea eskatu zuen bere gurasoen egoera dela-eta, eta baita Zigor Kodean izandako aldaketagatik ere. Izan ere, bertan aurreikusten denez, zigorra gradu batean edo bitan arin daiteke, baldin eta egindako egintza "larritasun gutxikoa bada, erabilitako bitartekoak edota izandako ondorioak aintzat hartuta".
Alabaina, Auzitegi Nazionalak nabarmendu duenez, "ETAko presoekin zerikusia duen sare osoa zuzentzeko eta gainbegiratzeko asmoz, ETAk darabilen ezinbesteko tresnako partaidea eta ordezkaria da".
Horrez gain, ez du baztertzen ihes egiteko aukera, egozten zaion delituak 12 urteko espetxe-zigorra baitakar berarekin.
Autoak Jose Ricardo de Prada epailearen boto partikularra jasotzen du. Bere aburuz, arrazoi nahiko daude behin-behineko askatasuna emateko, "nabarmena delako ETAk jarduera terroristari utzi diola".
Sortu, kritiko erabakiarekin
Sortuk, ohar baten bidez, kritikatu egin du Auzitegi Nazionalaren erabakia. Alderdi abertzalearen esanetan, PPrentzat gauzarik behinena "salbuespen eta mendeku neurrietan oinarritutako espetxe politika mantentzea da", "hori baita daukaten tresna nagusiena Euskal Herriak konponbidearen bidea egin ez dezan".
Alderdi abertzaleak iritzi dio preso guztiek "etxera" bueltatu behar dutela, eta, horretarako, "lehendabiziko urratsa" dispertsioarekin bukatzea eta ETAko presoak Euskal Herrira lekualdatzea litzateke.