Politika -
Sakabanaketa politika
Sakabanaketarekin amaitzeko eskatu die Etxeratek alderdi politikoei
Etxeratek azpimarratu du sakabanaketaren "ondorio larriek" ez dutela "inolako justifikaziorik" eta "mendekua" ezin daitekeela "inolaz ere eskubidetzat onartua izan".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxerat euskal presoen senideen eta lagunen elkarteak jakinarazi du urtea hasi zenetik lau istripu eragin dituela sakabanaketa politikak eta gogora ekarri du “dispertsioa indarrean jartzeko arrazoi eta argudio guztiak desagertu” egin direla. Beraz, sakabanaketaren helburu bakarra “xantaia eta mendekua” direla salatu du.
Hori dela eta, indar politikoei dei egin die sakabanaketa politikari amaiera emateko. “Egoera honen mantentzea justifikazio onartezina litzateke edozein zuzenbide estaturentzat, eta beraz, indar politikoen ardura horrekin amaitzea da”, adierazi dute.
Etxeratek agerraldia egin du Donostian eta Patricia Belez eta Urtzi Errazkin bozeramaileek Oihana Agirre presoaren senideek Brievako espetxetik etxera bidean izandako istripuaren xehetasunak azaldu dituzte. Aurten lau istripu izan direla eta zazpi pertsona kaltetu direla zehaztu dute.
Sakabanaketa duela 27 urte indarrean jarri zenetik “ehunka istripu, ehunka pertsona kaltetu, hamarnaka ospitaleratu, koman geratu diren pertsonak, zauritu larriak, eta 16 hildako” izan direla gogoratu du.
“Borreroak deitu gaituzte, barkamena eskatu ez izana aurpegiratu digute, Ortega Laraz hitz egin digute, ETAren biktimez (baina bakarrik ETAren biktimez), eta argi eta garbi esan digute zertarako eta zergatik izaten ari garen erabiliak. Ez da lehen aldia. Emaitza bezala oinazea besterik lortzen ez duen politika bati babesa eman dioten erakunde batzuen ia 30 urteko utzikeriarekin gaurdaino iritsi gara. Honaino iritsi gara, kriminalizatuak, jazartuak eta akusatuak politika hori salatzeagatik. Ez da lehen aldia eta badakigu azkena ere ez dela izango”, deitoratu dute.
Sakabanaketa amaitzea alderdi politikoen ardura dela berretsi du Etxeratek, eta, ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariari galdetu dio “gure oinazearen zenbat gehiago dagoen prest onartzeko”.
Era berean, EAJri ere zuzendu zaio: “EAJri galdetu behar diogu zenbatekoa den oraingoan ezarri diguten oinazearen kuota, Araban eta Gipuzkoan onartu den dispertsioaren aurkako mozio bera, Bizkaian baztertzeko”.
Sakabanaketaren “ondorio larriek” ez dutela justifikaziorik azpimarratu du Etxeratek. “Sufrimendua sortzea ezin da inolaz ere ulertua, konpartitua eta babestua izan. Mendekua ezin da inolaz ere eskubide bezala onartua izan”, azpimarratu du presoen senide eta lagunek elkarteak.