Politika -
Euskal Telebista
ETBren Nafarroako emisioa berreskuratzea eskatu du Legebiltzarrak
Emisioak bertan behera utzita sortutako "kalte larriak konpontzea" eskatu du Ganberak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETBren Nafarroako emisioak etenda sortutako "kalte larriak konpontzea" eskatu die Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eta Foru Erkidegoko Gobernuari. Gainera, emisioak "berehala" abiatzeko deia egin die, "behin-behinean" bada ere, "babes legalarekin" egin ahal izan arte.
EAJk, EH Bilduk eta PSEk ebazpen bat adostu dute gaur Gasteizko Ganberan, EiTBren kontrolerako batzordean.
Hasieran, jeltzaleek eta abertzaleek ekimen bateratua aurkeztu zuten, eta sozialistek osoko zuzenketa bat jarri zuten, baina, azkenean, hiru taldeak edukian ados jarri dira, eta ETBren Nafarroako emisioak berreskuratzea eskatzeko ekimen bat adostu dute.
PPk aurka bozkatu du, eta UPyDk ez du parte hartu batzordean. Horregatik, Gorka Maneiroren osoko zuzenketa baliogabe geratu da automatikoki.
ETBk maiatzaren 5ean eten zuen Nafarroako emisioa, Espainiako Gobernuko Industria Ministerioak behartuta, UPNren Foru Gobernuak iaz aurkeztutako salaketa baten ondorioz.
Azkenean onartutako testuan, Legebiltzarrak "ikus-entzuleen interes orokorra kontuan hartzea" eskatu die EAEko eta Nafarroako gobernuei, eta Foru Erkidegoaren Exekutiboaren espektroa erabilita emisioak "behin-behinean" berreskuratzea aldarrikatu dute.
Halaber, maiatzaren 10ean bi gobernuek sinatutako kolaborazio protokoloan ETBren emisioaren "finantziazioa eta antolaketa argi zehaztea" ere eskatu dute.
Taldeen adierazpenak
Eztabaidan, Luke Uribe-Etxeberria EAJko bozeramaileak "anakronismo"tzat jo du "mundu aske, ireki eta interkonektatu batean" Nafarroan ETB ezin ikustea.
"Askatasun kontua da", laburbildu du legebiltzarkide jeltzaleak. Izan ere, nafarrek "ETB ikusteko eskubidea dute, nahi badute".
Unai Urruzunoren (EH Bildu) ustez, "zentzugabea" da Nafarroan "munduaren beste muturreko" telebista-kateak ikusi ahal izatea, baina ez ETB, bi lurraldeek hizkuntza bera, euskara, duten arren.
Parlamentari abertzaleak adierazi du "borondate politikoaren eta sen onarekin" gaur bertan konpondu daitekeela gatazka, eta arazoaren jatorria "UPNk eta PPk euskara eta Euskal Herria" errefusatzen dituztela dela erantsi du.
Bestalde, Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkideak onartu egin du ETBren emisioak Nafarroan "bidegabekoak" zirela, "baina ez nuke esango legez kontrakoak" zirenik. Alabaina, "ez zioten inori kalte egiten" eta, gainera, ondoko Erkidegoan "euskal kulturaren eta euskararen aldeko interesa badago herritar askoren aldetik", gaineratu du.
Hori dela eta, Espainiako, EAEko eta Nafarroako administrazioen arteko elkarrizketaren alde egin du emisioak berreskuratzeko. Era berean, "EiTBn ideologiarik" ez egotea eta "Nafarroako erakundeen errealitatea errespetatzea" eskatu du.
Carmelo Barriok (PP), bere aldetik, ziurtatu egin du ez daudela euskal telebista Nafarroan ikustearen kontra, beti ere "legearen barruan eta euskal diruarekin egiten ez baldin bada".
Barrioren esanetan, EiTBren zuzendaritza "okupa" bat da espazio erradioelektrikoan "hasieratik jakinda ere, legez kanpo" emititzen ari zela, "Gobernu nafarraren babesarekin".
PPko legebiltzarkideak gaineratu duenez, EAJ "gehiago kezkatzen du" ETB Nafarroan egoteak "EAEn ikusteari uzteak baino", izan ere, "historiako audientzia daturik okerrenak jasotzen ari dira".