Politika -
Ikerketa batzordea
Chavesek eta Griñanek ukatu egin dute Andaluzian iruzurra egin izana
Beren agintaldietan akatsak egin ahal izan zituztela onartu dute Andaluziako bi presidente ohiek, baina legearen baitan jardun zutela azpimarratu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan Andaluziako presidente ohiek ukatu egin dute beren agintaldietan iruzurrik egin izana prestakuntzarako kurtsoetarako diru-laguntzak eman zituztenean, eta kurtso horiek kudeatzerakoan Administrazioak ez zuela iruzurrik egin ziurtatu dute.
Chavesek 1990 eta 2009 bitartean zuzendu zuen Andaluziako Gobernua; Griñan, berriz, 2009tik 2013ra izan zen Andaluziako presidente.
Prestakuntza kurtso horietan izandako irregulartasunak ikertzeko batzordean deklaratu dute bi agintari ohiek. Astearte honetan, berriz, Susana Diazek, Andaluziako egungo presidenteak, emango ditu azalpenak.
Chavesek eta Griñanek ukatu egin dute kurtso horietarako laguntzak eman zituztenean legez kanpoko ezer egin, bultzatu edo ahalbidetu izana, eta, ondorioz, Andaluziako Gobernuan ez zela iruzurrik izan azpimarratu dute.
“Baliteke dena ondo egin ez izana lanbide heziketa eta enplegu politika kudeatzean, baina egin genuen guztia legea zorrotz aplikatuta egin genuen”, adierazi du Chavesek.
Griñanen hitzetan ere, Administrazioak legearen baitan jardun zuen, eta “hutsuneak izan baziren, ez dira Administrazioarenak, Administrazioaren kontra egindakoak baizik”, erantsi du.