Politika -
Urte bat karguan
Euskadi "duela urtebete baino hobeto" dagoela esan du lehendakariak
Patxi Lopezen esanetan, gaur egun Eusko Jaurlaritzak "herritarrei eragiten dieten arazoak" ditu hizpide, eta ez "irtenbiderik ez duten eztabaida zirkularrak".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak ziurtatu du euskal gizartea "duela urtebete baino hobeto" dagoela gaur egun, kargura iritsi zenetik urte bat betetzen den honetan.
"Terrorismoaren amaieratik gertu gaude, askatasun handiagoa daukagu, etengabeko liskarrak atzean utzi ditugu eta autogobernua arazoak konpontzeko erabiltzen dugu, ez sortzeko", adierazi du.
Halaber, bere esanetan, gaur egun Eusko Jaurlaritzak "herritar guztiei eragiten dieten arazoak" ditu hizpide, eta ez "irtenbiderik ez duten eztabaida zirkularrak".
"Krispazio gutxiago dago. Lehen, eztabaidak gai bakar bati buruzkoak ziren", nabarmendu du Gasteizko Gobernuko buruak.
Lehendakariak Artatzako Jauregitik (Leioa, Bizkaia) egin ditu adierazpenok. Eusko Jaurlaritzak bertan egin du gaur bere asteroko bilera, agintaldiaren lehen urteurrena dela eta. Lopezek bere sailburu guztiekin batera egin du agerraldia, urte honetako balantzea egiteko.
Bere hitzetan, 12 hilabete hauetan "herrialdea batu, herritarrak kohesionatu eta denentzat gobernatu" du.
"Hasieran, ahots askok hondamendia aurreikusten zuten, baina ez da halakorik gertatu", gaineratu du.
askatasun handiagoaPatxi Lopezek azaldu duenez, "atzean geratu dira liskarra eta etengabeko gatazkak" eta politika eta autogobernua arazoak konpontzeko erabiltzen dituzte, "sortzeko ez". "Euskadi orain herri lasaiagoa da", gaineratu du.
Horren harira, egungo Jaurlaritzak "kudeaketarako gaitasuna eta ideia argiak" erakutsi dituela azpimarratu du eta euskal gizarteari "heldutasuna eta ardura" eskertu.
Patxi Lopezek, bestalde, esan du Euskadik azken hamarkadetako krisi "gogorrenetako bat" jasan duela eta aurreko Jaurlaritzak "ukatu" egiten zuela. Lehendakariak uste du azkenaldian zabaldu diren datuek, Industria Ekoizpenaren Indizearena kasu, agerian uzte dutela "aro aldaketa" bat eman dela eta "gure ekonomia suspertzen" ari dela.
ETAren kontrako borrokari dagokionez, eskerrak eman dizkio euskal gizarteari ETAren kontrako borrokan izan duen babesagatik eta indarkeriari zilegitasuna kentzeagatik. Hori horrela, Jaurlaritza ETA deuseztatzeko esfortzu "berezia" egiten ari dela azpimarratu du.
"Azken esfortzuan gaude eta herritar guztiei jarrera argi bat eskatzen diegu ETA behin betiko deuseztatzeko. Inor ezin da neutrala izan terroristen aurrean, oraindik mina egiten digute eta egingo digute", gaineratu du.