Politika -

Auzitegi Nazionala

ANk uztailaren 12an epaituko du Def Con Dosen abeslaria

Auzia artxibatua izan zen, baina berriro ireki zuten Fiskaltzaren helegitea onartuta. 20 hilabeteko espetxeratzea eta 8 urteko gaitasungabetzea eskatzen dute.

Cesar Augusto Montaña Lehman Def Con Dosen abeslaria. Argazkia: EiTB
Cesar Augusto Montaña Lehman Def Con Dosen abeslaria.
Cesar Augusto Montaña Lehman Def Con Dosen abeslaria. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak uztailaren 12an epaituko du Cesar Augusto Montaña Lehman Def Con Dosen abeslaria, Cesar Strawberry ezizenarekin ezagunagoa dena, 2013an eta 2014an argitaratutako hainbat txiotan terrorismoa goratzea leporatuta, eta Fiskaltzak 20 hilabeteko espetxeratzea eta zortzi urteko gaitasungabetzea eskatzen du.

Abeslariak berak esan du uztailaren 12an epaitzeko jakinarazpena jaso duela eta "lasai" dagoela, "errugabea" delako, eta prozesuaren "helburu politikoa kriminalizatzea" eta "jazarpen politikoa" egitea delako.

Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen 2015eko abenduan Cesar Strawberryren kontrako auziaren artxiboa, ETAren biktimak Twitterren umiliatzea egotzita, eta Jose de la Mata epaileari epaiketa abian jartzeko eskatu zion.

De la Matak auzipetuaren estetika "probokatzailearen, ironikoaren eta sarkastikoaren" baitan kokatu zituen txioak, eta horregatik artxibatu zuen auzia, "artearen ikuspegi berezi horrekin jasotzaileak nahastea eta eskandalua" bilatzen zuela iritzita.

Auzitegiko Laugarren Sekzioak aintzat hartu zuen hein batean Fiskaltzak artxiboaren kontra jarritako helegitea, eta prozesua berrabiarazteko agindu zuen.

Areto horretako epaileak ez zeuden ados De La Mataren ikuspegiarekin, eta txioetako zazpi ezin direla "kulturaren eta iritzi propioen eremuan" kokatu adierazi zuten, "gorrotoaren diskurtsoaren" parte zirelakoan.

Abeslaria auzitegira eraman duten zazpi mezuak hauek dira: "Cuántos deberían seguir el vuelo de Carrero Blanco" (Zenbatek jarraitu beharko lukete Carrero Blancoren hegaldia?, "Street fighter, edición post-ETA: Ortega Lara versus Eduardo Madina" (Street fighter ETA ondorengo edizioa: Ortega Lara versus Eduardo Madina),  "¿Se puede llevar una camiseta con un estampado de Miguel Ángel Blanco? Lo pregunto desde el respeto y el verano" (Eraman al daiteke kamiseta bat Miguel Angel Blancoren irudiarekin? Errespetutik eta udatik galdetzen dut), "El fascismo sin complejos de Esperanza Aguirre, política del Partido Popular me hace añorar hasta los Grapo" (Esperantza Aguirreren konplexu gabeko faxismoak, Alderdi Popularraren politikak, Graporen falta sumatzera naramate), "A Ortega Lara habría que secuestrarle ahora" (Ortega Lara orain bahitu beharko lukete), "Franco, Serrano, Suñer, Arias Navarro, Fraga, Blas Piñar...si no le das lo de Carrero Blanco, la longevidad se pone siempre a su lado" (Franco, Serrano, Suñer, Arias Navarro, Fraga, Blas Piñar… Carrero Blancorena ematen ez badiezu, zahartzaroa haien alde jartzen da).

Abeslariak esan du lasai dagoela prozesuaren aurrean, sekula ez zituelako biktimak umiliatu nahi, "kontrakoa baizik, De la Matak esan zuen moduan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Delituak albisteak Epaiketak argazkiak Gaurko azken ordukoa