Politika -
gobernu ituna
Gasteizen koalizio gobernu 'irekia' adostu dute EAJk eta PSE-EEk
Hitzartutakoaren arabera, Peio Lopez de Munain zinegotzi sozialista lehen alkateordea izango da, eta PSE-EEk hainbat sail zuzenduko ditu.
AGentziak | Erredakzioa
EAJk eta PSE-EEk Gasteizko Udalean koalizio gobernua osatzeko akordioa izenpetu dute astelehen honetan. Udal gobernua "batua" eta gainerako taldeekin akordioak lortzeko "irekia" izango dela azpimarratu dute bi alderdietako ordezkariek.
Jeltzaleak gutxiengoan zeuden orain arte (bost zinegotzi ditu 27 kide dituen udalbatzan), eta sozialisten babesarekin (lau ordezkari) aiseago zuzenduko dute udal erakundea.
Jose Antonio Suso EAJren ABBko presidentea, Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusia, Gorka Urtaran alkatea eta Peio Lopez de Munain Gasteizko Udaleko bozeramaile sozialista izan dira akordioa izenpetzeko ekitaldian.
Laurek azpimarratu dutenez, Gasteizko herritarrei mesede egiten dien akordioa da erdietsitakoa, eta iaz bi alderdiek izenpetutako gobernagarritasun ituna sakontzen du.
Erdietsitako itunaren arabera, Peio Lopez de Munain bozeramaile sozialista lehen alkateorde izango da. Horrez gain, PSE-EEk honako sailen ardura izango du: Kultura, Hezkuntza eta Kirolaren Saila; Partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxeen Saila; eta Herritarren Segurtasunaren Saila.
Jeltzaleen eta sozialisten zuzendaritzak asteak eman dituzte negoziatzen. Lortutako akordioari esker, PSE-EEren lau zinegotziak sartuko dira udal gobernuan.
Foru eta udal hauteskundeen ondotik, erakundeetan gobernagarritasuna bermatzeko akordioa izenpetu zuten jeltzaleek eta sozialistek. Gasteizen, akordioa egon arren, gobernuan ez sartzea erabaki zuten sozialistek, Andoainen gertatutakoa salatzeko. Ordutik, gutxiengoan aritu da Gorka Urtaran.ç
PPk "haustura" leporatu die
Alfonso Alonso EAEko PPko presidentearen esanetan, EAJk eta PSE-EEk "hausturaren bidea" abiatu dute, eta, horregatik, eurekin batera "zentroan kokatzea" eskatu die.
Horren ustez, jeltzaleek eta sozialistek sinatutako ituna "iruzur handia" da, eta "alderdi erradikalak oinarri hartzea" egotzi die. Izan ere, EAJk EH Bilduren eta Podemosen botoekin lortu zuela Alkatetzea gogorarazi du.
"Bilduk eta Podemosek eman zioten Alkatetza EAJri. Gaur PSE-EEk egin du bat. Dagoeneko daude denak batera Udalean", deitoratu du.