Politika -

Ekitaldia durangon

Rajoy: 'Terroristek eta konplizeek ez dute legitimaziorik lortuko'

Azpimarratu du ETAren behin betiko arma-uztea lortu behar dela oraindik; horrela, 'jarduteari uzteari ez ezik, existitzeari ere utz diezaion'.

Muturreko jarreren aurka txertoa jarrita dute PPan, Rajoyren hitzetan

0:57

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy jarduneko Espainiako presidenteak gaur adierazi duenez, "terroristek eta konplizeek ez dute inoiz legitimaziorik lortuko". Arnaldo Otegik Kataluniako legebiltzarra bisitatu izanaren edota Hasier Arraiz Sortuko presidenteak Eusko Legebiltzarrean jasotako omenaldiaren harira egin ditu adierazpen horiek.

Rajoyk Durangon egin ditu aipatu adierazpenak, Euskadiko PPk Durangon antolatutako foro batean. Bertan izan da Alfonso Alonso ere, Euskadiko PPko presidentea.

Gaitzetsi egin du Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta erakunde horretako kide ugarik "gainerakoen askatasuna eta eskubideak errespetatu ez zituena" omentzea (Arnaldo Otegiri erreferentzia eginez).

Uste du gauza bera gertatu zela atzo Eusko Legebiltzarrean ere Hasier Arraizi egin zioten omenaldian, erakunde hori utzi behar izan baitu, EAEko Auzitegi Nagusiak kargu publikoan aritzeko debeku berezia ezarri ostean.

"Txalotu egin dezakete, batzartu egin daitezke eta jende askotaz barre egin dezakete, baina sekula ez dute izango ez legearen arrazoia, ez moralarena", adierazi du.

PPko buruak iritzi dio ETA ez egotea legearen, bizikidetzaren eta Espainia konstituzionalaren balioen garaipen bat dela, baita gizatasunaren eta arrazoiaren garaipen bat ere, terrorearen zentzugabekeriaren aurrean.

Alabaina, azpimarratu duenaren arabera, oraindik ETAren behin betiko armagabetzea lortu behar da; horrela, 'jarduteari uzteari ez ezik, existitzeari ere utz diezaion'.

Hori guztia biktimak ahaztu gabe eta bakea "preziorik altuenean" lortu zela aintzat hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Berriak Politika Espainako Gobernuaren presidente ohia Hasier Arraiz bideoak ETA Gaurko azken orduko albistea