Politika -
Errege Kopa
Epaileak gaur erabakiko du Kopako finalean esteladak debekatu ala ez
Epaileak urgentziaz erabakiko du gaur bertan Dretsek eta FC Bartzelonak aurkeztutako helegiteen inguruan, partida igandean jokatuko delako eta behin-behineko neurriak hartzeko astirik ez dagoelako.
agentziak | erredakzioa
Madrilgo Administrazioarekiko Auzien 11. Epaitegiak gaur erabakiko du igandean Bartzelonak eta Sevillak jokatuko duten Errege Kopako finalean esteladak debekatzeko aginduaren kontra jarritako helegiteen inguruan.
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko iturrietatik jakitera eman dutenez, epaileak atzo jaso zuen Drets abokatu elkartearen babes helegitea, eta fiskalaren esku utzi zuen bere iritzia eman zezan.
Era berean, Espainiako Gobernuaren Madrilgo Ordezkaritzari ere helarazi zioten helegitea, eta igandean Kataluniako independentzia aldarrikatzen duen bandera Vicente Calderonen sartzea debekatzeko dekretua aurkezteko eskatu zion.
FC Bartzelonak beste helegite bat jarri zuen gero, oinarrizko eskubideak babestea eskatzeko, eta debekua behin-behinean bertan behera uztea eskatu zuen.
Aipatu iturriek zehaztu dutenez, epaile berak hartuko du bi helegiteen inguruko erabakia.
Epaileak urgentziaz erabakiko du gaur bertan, partida igandean jokatuko delako eta behin-behineko neurriak hartzeko astirik ez dagoelako.