Politika -
Auzitegi Gorena
Dozenaka euskal preso askatzeko bide judiziala hasi dute abokatuek
Besteak beste, Segi, Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak erakundeetako zigortuak izango lirateke bide judizial horren onuradun nagusiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal presoen abokatuek bide judiziala abiarazi dute Auzitegi Gorenean, zigorrak murriztea lortzeko eta dozenaka preso libre geratzeko. Zigor Kode berria aplikatuta, hainbat presoren espetxealdia murriztea eskatzeko aurkeztu diren bost helegite aztertu behar ditu datozen asteetan Auzitegi Gorenak.
Europa Press albiste-agentziak iturri judizialak aipatuta zabaldu duenez, uztailean indarrean jarritako kodearen artikulu berri bat aplikatzeko eskatu dute abokatuek idatzietan. Artikulu horrek zigorrak murriztea ahalbidetzen du, “gertakaria larria ez denean, erabilitako medioak eta izandako eragina aintzat hartuta”.
Auzitegi Nazionaleko bi sekziok atzera bota dute euskal presoen abokatuen eskaera, lege-aldaketa horrek atzera begira ez duela eraginik ulertuta. Orain, errekurtso horiek tramitera onartu edo atzera botatzen dituen erabaki beharko du Auzitegi Gorenak.
Aurretik ere aztertu dute Goreneko epaileek arau hori. Dagoeneko hainbat kasutan egin dute presoaren alde, baina, betiere, duela gutxi ezarritako zigorren kontra aurkeztutako helegiteetan.
Horren erakusgarri da azaroan Auzitegi Gorenak Segiko bost kide absolbitu izana, ez baitzen frogatutzat jo erakunde horretako militante aktiboak zirenik.
Hilabete berean, sei urtetik bi urtera jaitsi zuen Segiko kide izateagatik beste bi laguni ezarritako espetxe-zigorra, ‘kale borroka’ ekintzetan parte hartu zutela eta kale-erasoak egiteko agindurik eman zutela ez zelako frogatu.
Bi gazte horien jarduerak “ez du beldur kolektiboa, terrorea edo segurtasunik eza eragin, eta ez du ordena konstituzionala edo ordena publikoa asaldatu”, jaso zuen Gorenak aipatu ebazpenean.
Abokatuek bide berri bat ireki dute orain, duela urte asko zigortutako presoen kondenak berrikustea eta aipatu arau berria aplikatzea eskatuz. Gorenak tramitera onartuz gero, zigorrak berrikusteko eskaerak areagotu egingo dira.
Besteak beste, Segi, Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak erakundeetako zigortuak izango lirateke bide judizial horren onuradun nagusiak.