Politika -
Ekainaren 26ko hauteskundeak
Sanchezek dio hauteskundeak aldaketari buruzko erreferenduma direla
PSOEko liderrak "garbitasuna, elkarrizketa eta ardura" agindu ditu, eta eskatu du abenduaren 20koa baino babes handiagoa; hala, Espainiako Gobernua ez litzateke independentisten esku.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez PSOEren Gobernuko Presidentetzarako hautagaiak nabarmendu du larunbat honetan ekainaren 26ko hauteskundeak aldaketari buruzko erreferenduma direla, eta berretsi du sozialistek bakarrik bermatu ahal dutela aldaketa hori. Hala esan du kanpainaurrearen hasieran; halaber, hitzeman ditu "garbitasuna, elkarrizketa eta ardura".
Horixe esan du sozialisten liderrak, PSOEko Batzorde Federalak hautagai berretsi bezain laster. PSOEk batasuna eta indarra islatu nahi izan ditu ekitaldian, eta, horretarako, Susana Diaz Andaluziako presidenteak berak aurkeztu du Sanchez.
Andaluziako liderrak ere egin duenez, PSOEko idazkari nagusiak defendatu du alderdiak irabazteko nahia izan behar duela hauteskundeetan, "uste osoz, gogotsu eta ausardiaz". Sanchezen iritziz, espainiarrek, "gehiengoak", baiezkoa emango diote aldaketari.
Pedro Sanchezen esanetan, ekainaren 26ko hauteskundeak "plebiszitua" izango dira, "non boto batzuek ezezkoa emango dioten aldaketari eta bakarrak bermatzen du aldaketa: PSOEkoak".
Sanchez pozik azaldu da sozialisten abenduaren 20ko hauteskundeen ostean egindako ahaleginekin; asmoa izan da gobernu-akordioa erdiestea, eta nabarmendu du bere hitzari eutsi diola eta ez duela edozein modutan nahi izan Gobernuko presidentea, alegia, "independentziaren aldekoen babesaz baliatuz". Beraz, ekainaren 26rako, babes handiagoa eskatu du.
Rajoyren nagia kritikatu du
PSOEren hautagaiak mezu positiboa zabaldu nahi izan du, eta, helburu horrekin, abenduaren 20an espainiarrei egin zizkien proposamenak berreskuratu ditu hitzaldian. Bere esanetan, sozialistek bakarrik eraman dezakete aldaketa Espainiara.
Hala, Mariano Rajoy jarduneko Gobernuko presidentearen nagia salatu du; Sanchezen iritziz, Rajoy eroso dago horrela, "konturik ez baitu eman behar". PSOEko idazkari nagusiak, gainera, kritika egin dio Podemos eta IUk adostutako koalizioari, baina ez da izan Susana Diaz bezain gogorra kritika horri dagokionez.
Gainera, Ciudadanosi ere egin dio kritika, nahiz eta alderdi hori aipatu ere ez du egin; izan ere, Sanchezek gaitzetsi du Albert Rivera Ciudadanoseko liderraren proposamena, zeinak zioen independente bat izan zitekeela Espainiako presidentea.
Unidos Podemosen gaineko aipamenak
Podemosek eta Izquierda Unidak adostutako koalizioaren gainean, PSOEko liderrak esan du bere alderdiak lau hitz besterik ez duela behar: "Hala izan da 137ko urteko historian eta hala jarraituko dugu".
Sanchezek, halaber, ironia erabili du "politika berriaren ordezkariak" diren alderdien gainean hitz egin duenean: "Pentsatzen nuen politika berria ez zela, hain zuzen, 'eta zuk gehiago' esatea", adierazi du.