Politika -
Ekainaren 26ko hauteskundeak
EAJk gastu-muga baino gutxiago gastatuko du hauteskunde-kanpainan
Aitor Esteban Kongresurako jeltzaleen Bizkaiko zerrendaburuak aurreratu duenez, EAJk apaindura gutxiko kanpaina egingo du; baimendutako gastu-muga 800.000 eurokoa da.
Agentziak | Erredakzioa
Aitor Esteban Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak larunbat honetan esan duenez, bere alderdiak apaindura gutxiko kanpaina egingo du, eta ez da helduko baimendutako gastu-mugara; 800.000 eurokoa da aipatu gastu-muga hori.
Estebanek bere alderdiko gazteek antolatutako topaketa batean hartu du konpromiso hau; ekainaren 26ko hauteskundeetarako EAJko hautagaiak izan dira bertan.
Bizkaiko zerrendaburuak azaldu du EAJk apaindura gutxiko kanpaina egingo duela, alderdi "zintzoa" delako eta jarraitzaileen laguntzaz baliatuko direlako. Defendatu duenez, EAJ da Madrilen euskal herritarren interesei erantzuna emango dien alderdi bakarra; izan ere, gainerako parlamentariek, nahiz eta Euskadin hautatuak izan, "alderdi handien egituren menpe egon behar izaten dira, ez dute inolako eskumenik".
Pedro Sanchez PSOEko liderrari egotzi dio ez duela zuzen jokatu EAJrekin; Sanchezek aurpegiratu dio EAJri ez duela nahikoa egin babesa emateko aurreko hauteskundeen ostean.
Ildo horretan, aseguratu du EAJk dokumentuak helarazi zizkiola, non proposamenak zeuden, baina Sanchezek ez zuela erantzunik eman. Halaber, nabarmendu du inbestidura-prozesuan Sanchezek ez zuela Euskadirentzako keinurik egin.