Politika -
Euskara
Nafarroan ETBren emisioak abian jartzeko eskatu du Euskaltzaindiak
Nafarroan Euskal Telebista ikus dadila eskatuz Euskaltzaindiak gutuna bidali die Rajoyri, Urkulluri eta Barkosi. Industria Ministerioak emandako agindua bertan behera uzteko eskatu dio Rajoyri.
eitb.eus
Nafarroan Euskal Telebista ikus dadila eskatuz Euskaltzaindiak gutuna bidali die Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteari, Iñigo Urkullu lehendakariari eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteari.
ETBren emisioak eten ondoren, telebista euskaraz hartu nahi duten “herritarren hizkuntza eskubideak urratzen” ari dela dio Euskaltzaindiak gutun horretan.
Industria Ministerioaren agindu berriaren aplikazioak, “euskarari ondorio txarrak” ekarriko dizkiola azpimarratu du Euskaltzaindiak, batez ere hizkuntzaren garapenari eta normalizazioari dagokienez.
Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteari eskutitza helarazi dio Euskaltzaindiak. Erakundearen egitekoak azaldu dizkio lehenik, euskara maila orotan euskaldunen adierazpide izan dadin bermatzeko xedea duela esanez.
Euskaltzaindiak euskara komunikabideetan egotea ezinbestekoa dela esan dio Rajoyri; eta bide batez, gogorarazi dio Gobernuko Industria Ministerioak emandako agindua ez datorrela bat, Espainiako Konstituzioak berak eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak onartutako “aniztasun linguistikoa” bermatzeko xedearekin.
Hau horrela, Nafarroan Euskal Telebista emititzeari uzteko Industria Ministerioak emandako agindua bertan behera uzteko eskatu dio eskutitzean Euskaltzaindiak Mariano Rajoyri Espainiako jarduneko presidenteari.
“Euren esku dagoen guztia”
Euskaltzaindia, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan hizkuntza aholku emaile ofiziala izaki, Euskal Telebistaren emisioak “lehenbailehen” berreskuratzeko “euren esku dagoen guztia” egin dezaten eskatu die Urkulluri eta Barkosi.
Bi erkidegoen artean sinatu berri den lankidetza protokoloak helburua lortzen lagunduko diela uste du Euskaltzaindiak.