Politika -
Ezker abertzalea
Adierazpenek erreakzioak eragin dituzte EAEko alderdietan
Alternatibarentzat ezker abertzalearen adierazpenak "positiboak" dira eta Lokarriren ustez "su etena adierazteko eskatu dio ETAri". Basagoitik "barkamena eskatu" behar dutela dio.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak Iruñean egin dituen azkeneko adierazpenek erreakzioak eragin dituzte EAEko alderdi politikoen artean.
Lokarri
Lokarri herritarren sarearen arabera, "nahiz eta zehaztasunez ez esan", ezker abertzaleak "su etena adieraztea eskatu dio ETAri".
"ETAren itzulera indarkeriara azkeneko prozesuaren blokeoaren ostean, blokeo handiago batera zuzendu zuen egoera", azpimarratu dute.
PP
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak adierazi duenez, joko demokratikora itzultzeko ezker abertzaleak ETA "gaitzesteaz" gain, Konstituzioa eta Gernikako Estatutua onartu eta "barkamena eskatu beharko" luke.
"''Zerbait mugitzen ari da Batasunan'' debatearekin 2.400. urtera heldu gaitezke ezer lortu gabe", gehitu du ere.
Alternatiba
Alternatiba, Ezker Batuatik banandutako alderdiaren ustez, ezker abertzaleak emandako urrats berria "positiboa" da.
Oskar Matute Alternatibako bozeramaleak "askatasuna mugatzen dituzten legeak eta mugimendu eza" uztea eskatu die PPri eta PSOEri.