Politika -
Espainiako himnoaren aurkako txistukadaren auzia artxibatu du epaileak
Fernando Andreu epailearen arabera, Athletic eta Barça ezin dira txistukada horren arduradunak izan eta, prozesuarekin jarraitzeko, Manos Limpias eta VOX alderdiari 10.000 euroko fidantza eskatu die.
Fernando Andreu, Entzutegi Nazionaleko epaileak, Athletic-en eta Barça-ren kontra zabaldutako auzia artxibatu du berriro. Futbol talde biei azken Errege Kopan Espainiako himnoari txistukada egin ziotelako zabaldu zioten prozesu judiziala eta, gaur, sail penaleko magistratuak berriro artxibatu du kasua.
Entzutegiko hirugarren sekzio penalak txistukadaren auzia ikertzera behartu zuen Andreu magistratua. Entzutegiaren arabera, partidua hasi aurretik banatu zituzten txilibituek Espainiako sinboloen aurka egiteko nahia handitu zuten.
Andreu magistratuaren arabera, pertsona fisikoek egindako ustezko delitu batzuk ezin zaizkie kolektibo edo talde osoei egotzi. Zigor Kodearen arabera, pertsona juridikoei inputatu ahal zaizkien delituetako batek ere ez du zerikusirik kasu honekin.
Epailaren arabera, eta zigor kodearen interpretazio zabal bat egin ostean, gorroto delitu bat egotzi ahal zaie taldeei baina, zigor kodeak 2015ko uztailetik aurrera bakarrik aurreikusten du kasu hau.
"Ez dago erantzukizunik, interpretazioaren makina estututa ere"
Hala, "interpretazioaren makina muturreraino estututa ere eta zigortzat hartzeko hartu beharko liratekeen irizpideen kontra eginda ere" ezin da erantzukizun penalagatik inputatu.
Auziaren mamia aztertu eta gero, epaileak hiru eguneko epea eman dio Manos Limpiasi kereila aurkezteko sindikatu horretako zuzendaritza egindako akordioaren ziurtagiria entrega dezan, eta 10.000 euroko bermea ordaintzeko, auzian aurkeztu ahal izateko.
Era berean, Vox alderdi politikoaren zuzendaritza organoen akordioa eta 10.000 euroko kauzioa, auzian parte hartu ahal izateko, eskatu du.
Aurreko epaian epaileak esan zuenez, salatutako gertaerak 2009an egindako txistualdiaren "berdinak edo ia berdinak" izan ziren, erregea bertan zela, eta futbol talde berdinekin. Aurreko horretan, auzia artxibatu egin zuten, eta fiskala ados egon zen erabakiarekin.
Irainak erregetzari eta laidoa Espainiari
Zigor Aretoko Hirugarren Sekzioak, bestalde, bat egin zuen Fiskalaren iritziarekin, hau da, ideiak "proportziorik eta justifikaziorik gabeko" ekintzen bidez defendatu zituzten, Estatua, eta estatuburua eta himnoa iraintzeko plan "zehaztu bati, aurretik pentsatutakoa," jarraiki.
Fiskaltzaren arabera, Kopako finalean egindako txistualdia Zigor Kodeko 490.3 artikuluan jasota dago, alegia, erregearen kontrako irain gisa, sei hilabetetik bi urterainoko zigorrekin, larria bada, eta isuna bat ezarrita, larria ez bada. Fiskaltzaren ustean, kasu horretan, txistualdiak Zigor Kodeko 543. artikulua urratu egin zuen; "Espainiari, autonomia erkidegoei eta haien sinboloei egindako irainak eta laidoak", eta horrek zazpi eta hamabi kartzela zigorra ekar lezake.