Politika -
Auzitegi Nazionala
Euren auzipetzea 'mendekua' dela salatu dute presoen abokatuek
Arantza Zuluetaren egoera aipatu dute bereziki: "Bi urte eta erdi pasatxo daramatza isolamendu egoera anker eta lazgarrian".
Agentziak | Erredakzioa
Erakunde armatuko kide izatea edo horri laguntzea egotzita auzipetuta dauden 47 lagunek salatu dutenez, euren kontra abiatutako auzia azken urteetan egindako lanarengatik hartutako "mendekua" da. 'ETAren kartzela frontea' osatzea egotzita, gaur jakinarazi die auzipetzea Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Epailearen aurrera azaldu baino lehen kazetariei egindako adierazpenetan auzipetzea salatu du Amaia Izko abokatuak: "Guardia Zibilak eta Estatuak ito eta kolpatu nahi izan dute Herrira mugimenduak bakea lortzeko egindako ahalegin guztiak".
"Mendekua da hau, eta mendeku hori muturrera eraman dute Arantza Zulueta gure lankidearen kasuan. Bi urte eta erdi pasatxo daramatza behin-behineko espetxealdian, etxetik 1.000 kilometrora, Puerto III kartzelan, isolamendu egoera anker eta lazgarrian".
Epailearen ustez, 'Xake', 'Mate' eta 'Pastor' operazioetan atxilotutako 47 lagunek "ETAren kartzela frontea" osatzen zuten. Auzipetuen artean daude BL abokatu taldeko kideak, Herrirakoak, Jaiki Hadi taldekoak eta Etxeratekoak.
Denek zekien, epailearen iritzian, "ETAren menpe" zeudela eta "euren lanarekin" erakunde armatuaren "helburuekin bat" egiten zutela.
Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta beste sei abokaturi ETAko kide izatea leporatu diete (lehenengo biei taldeko buru izatea egotzi diete). Naia Zurriarani erakunde armatuari laguntzea egotzi diote.
Beste hauek ere badaude auzipetuen artean: Alfonso Zenon, Kepa Mancisidor, Eukene Jauregui, Ane Ituiño, Aiert Larrarte, Ainhoa Baglietto, Arantza Aparicio, Onintza Ostolaza, Haizea Ziluaga, Amaia Izko, Jaione Carrera eta Atxarte Salvador.
Iñaki Goioaga abokatua senataria denez, Auzitegi Gorenean ari dira haren kontrako auzibidea egiten.