Politika -
Frankismo garaiko hilketak
Garzon: "Varelak akusazioari ezohiko aukerak eman dizkio"
Varelari "aholkularitza lana" egitea egotzi dio, Falange, Libertad e Identidad eta Manos Limpias elkarteei akusazio idazkietako akatsak zuzentzeko egun bateko epea eman zielako.
Erredakzioa
Frankismo garaiko desagerpenak ikertzeagatik bere aurka aurkeztutako herri akusazioen idazkiak baliogabetzea eskatu dio Auzitegi Gorenari Baltasar Garzon epaileak, Luciano Varela magistratuak "ezohiko eta prozesutik kanpoko aukerak" eman dizkielako.
Gonzalo Martinez-Fresneda Garzonen abokatuak Gorenean gaur aurkeztutako idazkiaren arabera, Varelari "aholkularitza lana" egitea egotzi dio, Falange Española de las JONS, Libertad e Identidad eta Manos Limpias elkarteei akusazio idazkietako akatsak zuzentzeko egun bateko epea (atzo amaitu zen) eman zielako.
Iragan asteazkenean, 24 orduko epea eman zion Falangeri akusazio idazkia zuzentzeko, "balorazio ugari" zituelako. Era berean, Manos Limpias eta Libertad e Identidad elkarteek zenbait paragrafo kendu behar izan zituzten, "auzitik at diren gertakariak barneratzen zituztelako".
Hala ere, Falange Española y de las JONS prozesutik kanporatzea erabaki du gaur magistratuak, akusazio idazkia ez zuzentzeagatik.
Abokatuak aurkeztutako apelazio-errekurtsoan, bi ebazpenak bertan behera uztea eskatzen du Garzonek, baina baita akusazioek hasieran aurkeztutako idazkiak eta aurrerantzean aurkez ditzaketenak ere.