Politika -
Hauteskunde orokorrak
PPk irabaziko lituzke hauteskundeak, PSOE eta Podemos atzetik izanik
PPk botoen % 27,4 eskuratuko lituzke; sozialistek, ordea, % 21,6 eta Podemosek % 17,7.
Agentziak | Erredakzioa
Ikerketa Soziologikoen Zentroak argitaratu dituen apirileko barometroko datuen arabera, PPk irabaziko lituzke berriro hauteskunde orokorrak % 27,4ko babesarekin (abenduan, % 28,7), eta haren atzetik PSOE legoke bozen % 21,6 erdietsita (abenduan, % 22,01).
Panamako paperak izeneko auzia ezagutu ostean egindako inkestak Podemos hirugarren lekuan kokatzen du, bere konfluentzia guztiekin batera % 17,7 ko babesa lukeelako (abenduan baino hiru puntu gutxiago). Ciudadanos, ordea, bi puntu igo litzateke % 15,6ra iritsita
Podemos eta bere konfluentziek Ezker Batuarekin aurkeztuko balira, botoen % 23,1 lortuko lukete, eta horrek esan nahi du PSOEren aurretik leudekeela 1,5 puntu.
Madrilgo parlamentuan ordezkaritza duten euskal alderdiei dagokienez, aurreko hauteskundeetan baino emaitza kaskarragoak izango lituzkete. Horrela, EAJk botoen % 1 eskuratuko lituzke (abenduan % 1,2) eta EH Bilduk bozen % 0,7 (abenduan % 0,9).
Politikoen balorazioei dagokionez, Ezker Batuko Alberto Garzon da emaitza onenak lortzen dituena arlo horretan. Bere alderdiak botoen % 5,4 pilatuko lituzke, aurreko hauteskundeetan baino ia bi puntu gehiago (% 3,67).
Mariano Rajoy eta Pablo Iglesias dira gobernua osatzeko negoziaketetan izandako jarrerarengatik zigor handiena jaso duten politikariak; Albert Riverak, ordea, gora egin du eta Pedro Sanchez ere jaitsi egin da, baina gutxi (hamarreko bat).