Politika -
Eusko Legebiltzarrari eskaera
'Autogobernua defendatzeko estrategia irmoa' eskatu du Urkulluk
Modu horretan erantzun dio Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak Eusko Legebiltzarreko kontrol-saioan egindako galdera bati.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrari gaur planteatu dionez, autogobernuaren batzorde-txostengilearen barruan "autogobernua defendatzeko estrategia irmoa" adostu beharko luke, Espainiako Gobernua egiten ari den "prozesu zentralizatzailea" gelditzeko, eta “foru-pasea” eguneratzearen aldeko bere apustua berretsi du.
Modu horretan erantzun dio Urkulluk Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak Eusko Legebiltzarreko kontrol-saioan egindako galdera bati. Arraizek indar gehiagoz jardutea eskatu dio lehendakariari, Euskadiren eskuduntzak defendatzeko, Estatuak euskal legeen aurka etengabe jartzen dituen errekurtsoen aurrean.
"Jakin nahi dugu ea gure erakundeak defendatzeko Eusko Jaurlaritzak duen estrategiaren ardatza beste alderdi batzuekin adostea den, hori egiteko prest dagoen gurea bezalako alderdi batekin, edota eserita itxarotea den ea Espainiako herritarrek gobernuz aldatzea erabakitzen duten", galdetu du.
Autogobernuaren eguneratzeari buruz hitz egiteko asmoz EAJren ordezkaritza bat alderdi guztietako ordezkariekin (EH Bildukoekin izan ezik) bilerak egiten ari den egun berean izan da bien arteko eztabaida hori.
Bere erantzunean, lehendakariak adierazi du Mariano Rajoyren gobernuaren "prozesu zentralizatzaileari aurre egiteko urratsak" Eusko Legebiltzarrean hartu behar direla, eta, zehazki, autogobernuari buruzko batzorde-txostengilean.
Hori dela eta, Legebiltzarrak "autogobernua defendatzeko estrategia irmoa" adostu beharko lukeela defendatu du, eta gaineratu du sekula ez dela berandu diagnostikoaren gainean bat etorri eta batzordean proposamen bat plazaratzeko.
"Erantzun politiko eta instituzional bateratu baten estrategia defendatzen dut, eta Ganbera honek asko egin dezake horretarako", adierazi du lehendakariak.
Batzordean Euskadirentzat estatus berri bat adostearen alde agertu da Urkullu, "historiak Euskal Herriari aitortzen dion berezitasuna" jasoko duena eta autogobernua eguneratzea ahalbidetuko duena.
"Historiak foru lurraldeen eskubide historikoen formula eskaintzen du, baita aldebikotasunaren bermea ere, foru-pasearen bidez", azaldu du.
"Foru-pasea iragana eguneratu eta etorkizuna partekatzea ahalbidetzen duen tresna da. Bizikidetza orekatu baten bermea da, elkarrenganako errespetutik", gaineratu du.