Politika -

ETB Nafarroan

Ehunka lagun UPNren egoitzaren aurrean, ETBren etenaldiaren kontra

Goizeko 10:00etan eten dute ETBren emisioa Nafarroan. "UPN kanpora" eta "ETB aurrera" bezalako leloak oihukatu dituzte elkarretaratzean bildutakoek.

Jendetza bildu da UPNren egoitzaren aurrean, ETBren itzalaldia salatzeko. Argazkia: EITB
Jendetza bildu da UPNren egoitzaren aurrean, ETBren itzalaldia salatzeko. Argazkia: EITB
Protesta jendetsua UPNren egoitzaren aurrean, ETBren alde

1:05

G. Palacios | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun bildu dira arratsalde honetan UPNk Iruñean duen egoitzaren aurrean, ETBren itzalaldia salatzeko. Elkarretaratzea sare sozialen bidez deitu dute herritarrek.

ETB Nafarroa ikusteko aukera aldarrikatu dute eta emisioa eten izana “lotsagarria” eta “eskubide urraketa” dela azpimarratu dute bertan bildutakoek. “UPN kanpora” eta “ETB aurrera” bezalako leloak oihukatu dituzte.

“Injustua da; hartu duten erabakia ez da zilegi; euskarazko komunikabide bat ikusteko eskubide osoa dugu Nafarroan”, adierazi dute ETBko kameren aurrean.

Goizeko 10:00ak geroztik ETB ezin daiteke Nafarroan ikusi. Espainiako Gobernuak hala aginduta, EITBko teknikariek ordu horretan eten dute Erreniega, Ezkaba eta Joar mendietako instalazioen bidez zabaltzen zen ETBren seinalea.

UPNk "jazarpen kanpaina" salatu du

Elkarretaratzean ostean, UPNk esan du “inork” ez duela “makurraraziko” legea betearaztea exijitzerakoan eta Nafarroako Gobernuari leporatu dio gaur protestaren erantzukizuna.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak mobilizazioa egiteko baimena eman ez duela azpimarratu du eta UPNren kontrako “jazarpen kanpaina bat” dagoela salatu du. “Nafarroako Gobernuak berak eta alderdi abertzaleek bultzatu dute demokrazian onartezina den jazarpen eta zirikatze kanpaina bat”, erantsi du.

“Ez presio politikoek ez beste ezerk ez dute lortuko gu makurraraztea legea betearaztea exijitzerakoan; legea betetzea oinarrizko lehen araua da edozein demokraziatan, baina batzuek demokrazia zapaldu nahi  dute”, gaineratu du UPNk bere oharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñeko albisteak UPN Gaurko azken orduko albistea