Politika -
ETB Nafarroan
ETB ikusteko dauden baliabideak erabiltzea eskatu du lautarikoak
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra alderdiek aurkeztu duten mozioak gaitzetsi egiten du ETBren emisioa eteteko Industria Ministerioaren agindua.
Agentziak | Erredakzioa
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra alderdiek mozio bateratu bat aurkeztu dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Mozio horrek Nafarroako Gobernuari eskatzen dio "une honetan teknikoki eskuragarri dauden baliabideekin" ETBren seinalea "berandutzerik gabe" jaso ahal izateko "beharrezkoak diren urratsak" eman ditzala.
Horrez gain, aipatu ekimenak Foru Gobernuari eskatzen dio "ahalik eta epe laburrenean" beharrezkoak diren neurriak ezar ditzala euskal telebista publikoa modu "legalean eta normalizatuan" jasotzeko.
Azkenik, mozioak gaitzetsi egiten du ETBren seinalea eteteko dioen Industria Ministerioaren agindua, eta Gobernu zentralari honako hauek eskatzen dizkio: "zehapen-espedientea kentzea, ekipamenduak eta instalakuntzak prezintatzeari uko egitea, eta ETBk Foru Erkidegoan multiplex bidez emititu ahal izateko beharrezkoak diren urratsak ematea".
Lau alderdien aburuz, ETBren emisioa Nafarroan gobernu autonomiko biek 2009an sinatu zuten protokoloaren bidez "dago babestuta", eta protokolo hori indarrean dagoela diote, "ez baitago hori indargabetzen duen akordiorik, ezta halakorik dioen jakinarazpenik ere".
ETB Nafarroan jasotzeak "ez dakar, inolaz ere, kalterik inorentzat", azpimarratzen dute mozioaren sinatzaileek, eta kritikatu egin dute UPNren burugogorkeria ETB jaso dadila oztopatzeko.