Politika -
EH Bilburen proposamena
Eusko Jaurlaritzak ez du pentsio txikientzako osagarririk sortuko
Erretiro-pentsio txikiak dituztenei Eusko Jaurlaritzak osagarri publiko bat emateko proposamena bideratzeari ezetz esan dio Eusko Legebiltzarrak.
Agentziak | Erredakzioa
Erretiro-pentsio txikiak dituztenei Eusko Jaurlaritzak osagarri publiko bat emateko EH Bilduk egindako lege proposamena ez tramitatzea erabaki du gaur Eusko Legebiltzarrak.
EH Bildu izan ezik, talde batek ere ez du neurriaren eztabaidaren alde egin. Pentsio txikiak dituztenei Eusko Jaurlaritzak osagarri publiko bat emateko eskatzen zuen EH Bilduk.
Gutxieneko ordainak 1080 eurora arte osatzeko sistema eratzea proposatzen zuen EH Bilduk; EAEko soldata garbiaren bataz besteko % 60 suposatzen duena. Lau urteko epean jasoko lukete eta 160.000 pertsonarentzat onuragarria litzateke neurria.
EAJ, PP eta UPyD alderdiek neurriaren eztabaidaren aurka bozkatu dute, eta PSE-EE abstenitu da.
Jaurlaritzak proposamena bideratzearen aurka agertu zen bere garaian, Espainiako arauaren aurkakoa delakoan, eta berdintasun eskubidea hausten duelakoan. Izan ere, EH Bilduren eskaria onartuz gero, pentsio txikia izanagatik ondare handia daukatenek ere jasoko lukete osagarria.