Politika -

ETB Nafarroan

Iturbe: Salaketak kenduta ere, ofizioz zigilatuko lizkigukete ekipoak

EiTBko zuzendari nagusiaren esanetan, Ministerioaren agindua bete ezean "isunak handiagoak izan daitezke".

Maite Iturberi elkarrizketa, ETB Nafarroan itzali beharko dutelako

8:48

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak azaldu duenez, Espainiako Gobernuko Industria Ministerioak "ofizioz" esku hartu du ETBren Nafarroako emisioen aurka, eta, horrenbestez, nahiz eta egungo Foru Gobernuak UPNren Exekutiboak jarritako salaketa kendu, "ez dago modurik kautelazko neurriak kentzeko".

ETBk emisioa eten egin beharko du ostegun honetan, Espainiako Gobernuak behartuta. Hain zuzen ere, 10:00etan itzaliko da seinalea.

"Azpimarra" ETB-1eko saioan egindako elkarrizketa batean, Iturbek adierazi du "hobe" zutela Ministerioaren agindua bete, ez eginez gero "isunak handiagoak" izan daitezkeelako. Gainera, auzia konpontzeko, Ministerioaren beraren "kolaborazioa" beharko dutela erantsi du.

"Esan ziguten ez badugu seinalea itzaltzen ekipoak zigilatu egingo dizkigutela; pentsatu dugu hobe dela itzaltzea, isunak handiagoak izan daitezkeelako, nahiago dugu hori ekiditea", nabarmendu du EiTBko zuzendariak.

"Ez badugu seinalea itzaltzen, zipriztin batean sartuko gara", laburbildu du.

Halaber, Iturbek zehaztu dutenez, Ministeriotik esan dute espedientea zabaldu ostean ezin dela "atzera bota".

"Galdetu diet [Espainiako Gobernuaren ordezkariari] salaketak kenduta zer gertatuko litzatekeen, baina ofizioz interbenitu dutela esan dute; egin dituztela inspekzio batzuk, eta ikusi dutela legez kanpoko frekuentzietan emititzen ari ginela", esan du.

Iturbek nabarmendu du Espainiako Gobernuaren erabakiak "bultzada politikoa" duela, eta "borondate falta" ere sumatu duela: "arauak joaten dira garapen teknologikoaren eta gizartearen garapenaren atzetik, eta jakin behar da arauak interpretatzen".

EiTBko zuzendari nagusiak azaldu du une honetan "lanean" ari direla Nafarroako Gobernuarekin, "seinalea normaltzeko", eta "ditugun aukera txikiak indar gehiagorekin landu" beharko dituztela, "Ministerioaren laguntza behartuaz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gaurko albisteak Nafarroan Espainiako Gobernua Albisteak Albisteak ETB Nafarroa