Politika -
Ostiralean
Autogobernuari buruzko aldebiko bilerak egiteko deia, EAJk oposizioari
Andoni Ortuzarrek ostiralerako deitu ditu EH Bildu, PSE, PP eta UPyD alderdiak, estatus berriaren arloan pausoak emateko helburuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak datorren ostiralean autogobernuari buruzko aldebiko bilerak egitea proposatu die Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako lau alderdiei, estatus berriaren oinarriak finkatzeko asmoz.
Eusko Legebiltzarrean eratutako autogobernu lantaldea apirilaren 6an bildu zen azkenezkoz eta oraingoz ez dago beste bilerarik aurreikusita.
Korapiloa askatzeko asmoz, Andoni Ortuzar buruzagi jeltzaleak gutunak bidali dizkie EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD alderdiei. Ortuzarrek aldebiko bilerak egin nahi ditu ostiralean Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietako buruzagiekin, Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak azken bileran aholkatu eta proposatutakoari jarraiki.
Ortuzarrek bidalitako eskutitz horietan azaldu duenez, buruzagi jeltzaleak ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko aukerak aztertu nahi ditu beste alderdiekin, estatus politiko berriari buruzko oinarriak finkatzeko.