Politika -

Arnaldo Otegi FOruma

Otegik dio zintzilik dauden gaiak konpontzeko prozesua zuzenduko duela

Sortuko idazkari nagusiak esan du ezker abertzaleak hutsegiteak izan dituela, baina arrakasta handia izan duten hainbat ekimen abiatu dituela ere.

Etorkizunari heltzeko, elkarrizketaren bidea defendatu du Otegik

0:49

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak "gatazkaren ondorio guztiak eta zintzilik dauden gai guztiak konpontzeko" prozesua gidatuko duela adierazi du, gai horien artean jarri ditu, besteak beste, ETAren armagabetzea, biktimak eta presoak.

Gara egunkariak Donostiako Kursaal jauregian antolatutako forumaren barruan, Otegik segurutzat jo du ezker abertzaleak "akats handiak" izan dituela, baina, aldi berean, uste du "arrakasta handia" izan duten ekimenak ere abian jarri dituela.

Iñaki Gabilondo kazetariak Otegiri galdetu dio ea ezker abertzaleak ETAri behin betiko desager dadila eskatuko dion prozesu bat gidatuko ote duen, eta Otegik erantzun du egun politikaren mahai gainean presente dauden "gatazkaren ondorioak eta zintzilik dauden gai guztiak konpontzeko" prozesua zuzenduko duela, alderdiko beste kide batzuekin batera.

Otegiren aburuz, nahiz eta mundu guztiak ETA desagertzen den egunean edota armagabetzea gertatzen denean Euskal Herriarekiko eta presoekiko Estatuaren jarrera adeitsuagoa izango dela uste izan, ez da horrela izango. Are gehiago, bere ustez, Estatuak ez du inongo interesik ez batean, ez bestean.

"Edonola ere, gure konpromisoa da gatazkaren ondorio guztiak eta herrialde honetako agenda politikoan dantzan dabiltzan ardatz guztiak konpon daitezela, eta nik konpromiso publikoa hartzen dut horretan lan egiteko nire kideekin batera", zehaztu du.

Iraganari buruzko autokritika

Sortuko agintariak azaldu duenez, ezker abertzaleak iraganean izandako akatsengatik "barkamena" eskatzen badu edota bere gain "erantzukizunak" hartzen baditu, "euskal herritarrei zor dielako" izango da. "Nik autokritika bat egiten badut, nik nire herriari, nire jendarteari, nire langileei, emakumeei, gazteei eta abarrei zor diedalako da", azaldu du.

Zentzu horretan, beraiek akatsak aitortzen dituztela ziurtatu du Otegik, eta ez dutela hori onartzeko arazorik.

Presoak

Presoei dagokienez, espetxetako giltzak estatuek dituztela eta kaleak bete behar direla kartzelak uzteko adierazi du. Horren harira, bere buruari galde egin dio ea zer tresna erabili behar diren presoak espetxeetatik ateratzeko, eta bere erantzuna "guztiak" izan da.

Horrez gain, uste du abertzaletasuna eta independentismoa berriro eraiki behar direla, helburu politikoak erdiesteko. "Dagoeneko ez gaude aldarrikatzeko fasean, baizik eta herrialde honetarako Estatu propioa lortzen saiatzekoan", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea