Politika -

Festibala

Eurovisionek ikurrina debekatu du eta EIko banderaren parean jarri

EH Bilduk premiazko bilera eskatuko dio Suediako enbaxadoreari; Eurovision festibala maiatzaren 14an egingo dute aurten, Stockholmen. Suediari ikurrina zer den azaltzeko eskatu dio EAJk Bruselari.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eurovision Festibala maiatzaren 14an egingo dute aurten, Stockholmen (Suedia); bertan egongo diren ikusleek ezin izango dute ikurrina eraman, EH Bilduk Twitterren salatu duenez.

Festibalaren antolatzaileek egin dute zerrenda bat non zehazten dituzten zein bandera diren "bereziki ez onartuak"; zerrenda horretan ikurrina dago, bai eta Estatu Islamikoaren bandera ere.

Guztira, bederatzi bandera dira espresuki "ez onartuak”; Palestinakoa, Krimeakoa eta Kosovokoa ere, adibidez, debekatuta daude.

Antolatzaileek azaltzen dute ezin izango dela erakutsi “toki-, eskualde- edo probintzia-banderarik”. Hala ere, beste batzuk, Kataluniakoa edo Galiziakoa kasu, ez daude beto berezia dutenen artean.

EH Bilduk salatu du ikurriñaren "kriminalizazioa" eta aurreratu du "premiazko bilera" eskatuko diola Suediako enbaxadoreari.

Suediari ikurrina zer den azaltzeko eskatu dio EAJk Bruselari

Izaskun Bilbao EAJko bozeramaileak Tibor Navracsics Kultura komisarioari gutun bat bidali dio goizean, EAEko bandera ofizialaren berri emateko.

Jaialdiko antolatzaileei ikurrina zer den azaltzeko eskatu dio Bilbaok Navracsicsi. Jeltzaleren ahotan, ikurrinari egiten ari zaion “boikota Suediaren historia demokratikoarekin zerikusirik ez du, Europaren aurkakoa delako eta euskal herritarrak iraintzen dituelako”.

Gutun bera Suediako enbaxadoreari eta 20 eurodiputatuei bidali die EAJko ordezkariak.

Eurovisionen erabakia “Europar Batasuneko balioen eta leloaren (‘Aniztsunean baturik’) aurka” doala uste du EAJko eurodiputatuak. Kultura komisarioak eta Suediako eurodiputatuek “erabaki desatsegina” konpontzen laguntzea espero du Bilbaok.

EAEko bandera “legala” dela gogorarazi dio ordezkari jeltzaleak Tibor Navracsicsi gutunean. Gainera, ikurrinak “Europako herririk zaharrenetako bat” ordezkatzen duela goraipatu du Bilbaok.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ikurrina debekatutako banderen zerrendatik kentzeko eskatuko duela iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak Twitter sare sozialean:

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Nafarroa Gaurko azken ordukoa Ikurrina albisteak