Politika -

Desegin aurretik

Kongresuak XI. legegintzaldiko azkeneko saioa egin du, E-26ari begira

Familiaren ardura duten epe luzeko langabeei 426 euroko laguntza beste urtebetez ematen jarraitzeko dekretua izan da onartutako azken neurria.

Patxi Lopez Kongresuko presidentea, azkeneko osoko bilkuran. Argazkia: Efe
Patxi Lopez Kongresuko presidentea, azkeneko osoko bilkuran.
Patxi Lopez: 'Gaizki esanak barkatu eta ongi esanak gogoan hartu'

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

XI. legegintzaldiko Diputatuen Kongresuko jarduerak gaur amaitu dira, datorren maiatzaren 3an gorteak desegin eta ekainaren 26rako hauteskunde orokorrak deitu aurretik.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak gobernu "egonkorra eta serioa" eta "zentzua itzultzea" beharrezkoa dela esan du, hilabeteotako "ikuskizuna" ez delako izan "eraikitzailea".

Rajoyk Kongresuan azaldu duenez, "balantze gutxi" egin daiteke legegintzaldi labur honetan, eta eztabaida garrantzitsurik ez dela izan gaineratu du.

Bi eztabaida bakarrik azpimarratu ditu: Pedro Sanchezek inbestiduran izan zuen porrotekoa eta errefuxiatuen eta 'Brexit'aren inguruan izandakoa.

Hala, "ia existitu ere egin ez den" legegintzaldia izan dela adierazi du Rajoyk.

Bestalde, Patxi Lopez Kongresuko presidenteak itxi du legegintzaldia, eta Kongresuak Gobernua osatzeko "betebeharrean" huts egin duela aitortu duen arren, ekaineko bozen ostean lortuko dela adierazi du, ziur.

Lopezek aitortu du laburra izan dela legegintzaldia, baina azpimarratu du lau hilabeteotan "leialtasun instituzionala" izan dutela aurreikusi gabeko egoera batean, eta etorkizunerako "aurrekariak" ezarri dituztela.

"Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu" gazteleraz, euskaraz, katalunieraz eta galizieraz esanda amaitu du hitzaldia.

Bestalde, Podemosen diputatuek, Pablo Iglesias buru zutela, "si se puede" oihukatuz esan diote agur XI. legegintzaldiari, ekainaren 26ko bozen ostean indarberrituta itzultzeko esperantzarekin.

Osoko bilkura amaitu denean, Podemos-En Comu Podem-En Marea taldeko kideak eserlekuetan geratu dira, argazkilarien aurrean besoa altxatuta eta oihuka.

podemos kongresua agurra efe

Podemoseko diputatuen agurra. Efe

Albert Rivera Ciudadanosen presidenteak esan du blokeo politikotik ateratzeko "irtenbide bakarra adostasuna" dela, eta hurrengo hauteskundeen ostean aterako den gobernurako "itunak bai ala bai" egin beharko direla.

Riverak azkeneko osoko bilkuratik atera denean adierazi duenez, aho zapore "gazi-gozoa" geratu zaio legegintzaldia amaitutakoan; gustura Ciudadanos akordioa lortzeko gai izan delako PSOErekin; baina atsekabetuta ezin izan dutelako harago joan "Rajoyren eta Iglesiasen ezetzagatik".

Hala eta guztiz ere, Riverak uste du herritarrak oroituko direla alderdi politikoek izan duten jokabideaz eta zeintzuk izan diren "hitz egiteko gai".

Eztabaidak

Familiaren ardura duten epe luzeko langabeei 426 euroko laguntza beste urtebetez ematen jarraitzeko dekretuaren onarpenarekin hasi da bilkura. Alderdi guztiek babestu dute neurria.

Ondoren, Alvia trenak Santiagon izan zuen istripua argitzeko batzorde baten sorkuntzaz eztabaidatu dute, En Mareak eskatuta, baina PPk eta PSOEk atzera bota dute.

Angroiseko biktimen senideak kanporatu egin dituzte Kongresutik PSOEko eta PPko kideei "hipokrita" eta "lotsagabe" deitzeagatik.

angrois biktimak kongresua efe

Angroiseko biktimen protesta, kanporatu aurretik. Efe

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Berriak Politika Espainia Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken ordukoa