Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Otegi terrorismoa goratzeagatik ikertu edo ez aztertuko du Fiskaltzak
La Sexta telebista-kateko 'Salvados' programan egindako adierazpenengatik jarri zuen salaketa Vox alderdiak, ezker abertzaleko buruzagiak terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu zituelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Vox alderdiak Arnaldo Otegi Sortuko idazkariaren kontra jarritako salaketa Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren esku utzi du Estatuko Fiskaltza Nagusiak. La Sexta telebista-kateko 'Salvados' saioan egindako elkarrizketan, terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu zituelakoan jarri zuen Voxek Otegiren kontrako salaketa. Orain, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari dagokio buruzagi independentistaren hitzak ikertuko dituen edo ez erabakitzea.
Idatzi baten bidez, Estatuko Fiskaltzak adierazi du Auzitegi Nazionalari dagokiola Vox alderdiaren salaketa aztertzea eta horregatik igorri duela gaia Javier Zaragozak zuzentzen duen ANko atalera.
Apirilaren 17an eskaini zuen La Sexta kateak Otegiri egindako elkarrizketa, eta bertan esan zituen adierazpenen harira jarri zuen salaketa Voxek.