Politika -
Espainiako Gobernuaren presioa
Otegik Europako Parlamentuan eman beharreko hitzaldia, airean
Europako Parlamentuaren areto batean hitzaldia eman behar du ezker abertzaleko buruzagiak, baina Espainiako Gobernuak eragotzi egin nahi du.
eitb.eus
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia Europako Parlamentuaren areto batean hitzaldi bat emateko gonbidatu dute, baina Espainiako Gobernua konferentzia eragozteko ahaleginak egiten ari da, “banda armatu bati laguntzeagatik zigortutako pertsona bat gainerako buruzagi politikoak bezala hartzerik ez dagoelako”.
Otegi Europako Parlamentura gonbidatu duten alderdiak “ETAren historia kriminala zuritzen” ari direla kritikatu du Espainian jardunean dagoen Gobernuak.
Otegi Europako Aliantza Askeko (ALE) kideekin bilduko da gaur Bruselan, eta asteazkenean hitzaldia emango du Europako Ezker Bateratuaren eta Ipar Europako Ezker Berdearen Talde Konfederalaren (GUE/NGL) bileran. EH Bildu eta Podemos talde politiko horretan daude.
Rafael Catala eta Alfonso Alonso Justizia eta Osasun ministroek gogorarazi dutenez, Europako Parlamentuan Otegi ez dezatela hartu eskatu du PPk.
Otegi “terrorismo delituengatik zigortu” zutela azpimarratu du Catalak. Zigorra bete arren, “ETArekin lotura duen pertsona bat izateari ez dio utzi”, gaineratu du.
“Europako Parlamentuak Otegiren historia eta egindako delituengatik bete dituen zigorrak ezagutzea ona da”, azaldu du Justizia ministroak.
Alonso: “Terrorismoarengatik zigortutako pertsona bat hartuko dute"
Zentzu horretan, Podemosek eta Izquierda Unidak “terrorismoagatik zigortutako pertsona bat” hartuko dutela salatu du Alonsok. Osasun ministroaren hitzetan, “Otegi bezalakorik egon izan ez balitz, Miguel Angel Blancok eta beste hainbatek hemen jarraituko lukete”.
Alonsoren ahotan, “han gertatuko dena oso gaitzesgarria eta Espainiako demokraziaren kontrako eraso bat da”. Ondorioz, demokratek “ozen hitz egin beharko lukete”, erantsi du.
“Beste batzuen isiltasunak kezkatzen nau, eta Espainiako iraganaren okerrena ordezkatzen duena Europa Parlamentuaren egoitzan izatea lotsagarria dela salatu beharko lukete alderdi sozialistak eta EAJk, ETAren krimenak gaitzetsi gabe jarraitzen duelako”, esan du Euskadiko PPren presidenteak.
Fernandez Diaz: “Terrorismoaren memoria iraintzen ari dira"
Azkenik, Otegi “bake gizona” dela diotenak “terrorismoaren memoria iraintzen” ari direla adierazi du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Gainera, “pertsona batzuek ez dute merezi erakunde demokratikoek hartzea”, azpimarratu du.