Politika -
Drogak
Eusko Legebiltzarrak kalamuaren kontsumoa arautzea eskatu du
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako testuan, Euskadiko kalamu elkarteen kontrako zigorrak gaitzetsi ditu Gasteizko ganberak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo batzordeak kalamuaren kontsumoa arautzeko "pauso sendoak" emateko eskatu die Espainiako gobernuari eta Justizia administrazioari, "beti ere osasunarentzat arriskuak dituen produktua dela aintzat hartuta".
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostu duten testuan, Osasun eta Kontsumo batzordearen ondorioak "berresteko" proposatu diote Eusko Legebiltzarrari eta, besteak beste, kalamu elkarteen jarduerari konponbidea bilatzeko. UPyDk ere babestu du ekimena, eta PPk aurka bozkatu du.
Halaber, Auzitegi Gorenak Euskadiko kalamu elkarteetako zuzendaritzei ezarritako kartzela zigor eta isun ekonomikoak salatu dituzte.
Legebiltzarrak bi legegintzaldi daramatza kalamu elkarte horiek arautzeko lanetan eta, zehazki, gai horren harira sortutako batzordean kalamu elkarte horiek arautzeko hainbat gomendio adostu zituzten alderdiek. Ildo horretan, ondorio horiek gaur egun Eusko Legebiltzarrean bideratzen ari diren Mendekotasun Legera iraultzea proposatu dute testua adostu duten hiru alderdiek.
Gainera, gai horren inguruko araudi zehatzik ez dagoen bitartean, "autorregulazio eta praktika onen mekanismoak" ezartzeko eta administrazioarekin kolaboratzeko dei egin diete kalamu elkarteei.