Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Gobernagarritasuna 'blokeatzea' egotzi dio Alonsok Sanchezi
EAEko PPko presidentearen irudiko, alderdi guztiak hauteskunde kanpainan murgilduta daude, "batez ere, Podemos".
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako gobernagarritasuna "blokeatzearen erantzule nagusitzat" jo du Alfonso Alonso EAEko PPko presidente eta Espainiako jarduneko osasun ministroak Pedro Sanchez sozialisten burua. Haren ustean, Sanchezek egoera desblokeatzeko "giltza izan du, baina ez du erabili".
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, PP garaile izan zen abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan, baina bozek "alderdi handiek elkar ulertu behar" zutela ere utzi zuten agerian.
"Pedro Sanchezek aukera hori blokeatu zuen, lehen egunetik bertatik, eta alternatiba osatzean ere porrot egin du", adierazi du Alonsok.
Euskal popularren buruaren aburuz, alderdi guztiak hauteskunde kanpainan murgilduta daude, "batez ere Podemos, bete-betean dabil". Hala, hauteskunde berriak deitzeko astebete geratzen bada ere, "inork ez du uste egoera desblokeatzeko aukerarik dagoenik", arrazoitu du jarduneko ministroak.
Hauteskundeak berriro eginda, "aldaketak" aurreikusi ditu Alonsok. Haren iritzian, "boto-emaileek errespetua merezi dute; ulertu beharra dago nork irabazten dituen hauteskundeak, eta zein paper jokatzen duen bakoitzak". Hori horrela, bigarren aukera horretan "blokeo gutxiago" egotea espero du EAEko PPren presidenteak.
EAEko buruzagiaren esanetan, Mariano Rajoy "hautagai ona" da, eta ez du "ondorengotzarik" aurreikusi, hala egonda ere, ez du bere burua "lehia horretan" ikusten. "Rajoy izango da hautagaia", azpimarratu du.
PP astindu duten ustelkeria kasuez galdetuta, "irmoki" jardun dutela uste du Alonsok; ez du uste alderdia "berrantolatu" behar denik. PP alderdi "sendoa da, herri honentzat ezinbesteko proiektua duela", erantsi du.
EAEko hauteskundeak ere hizpide izan ditu Osasun ministroak: "Inpresioa daukat legegintzaldia amaituko dugula, baina hauteskunde autonomikoak eta orokorrak egun berean egitea merkeago eta praktikoago izango litzateke".