Politika -
Auzitegi Nazionala
Espainiako himnoaren aurkako txistukada ikertzea agindu dute epaileek
Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Hirugarren Arloaren esanetan, "Kataluniako independentziaren inguruko giro instituzionala zeharo ezberdina zen 2015ean, 2009koarekin alderatuta".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iazko maiatzaren 30ean, Athleticek eta Bartzelonak jokatu zuten Errege Kopako finalean, zaleek Espainiako himnoari egin zioten txistukada ikertzera behartu du Auzitegi Nazionalak Fernando Andreu epailea.
Andreuk artxibatu egin zuen auzia, baina Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen (Manos Limpiasek eta Voxek bat egiten zuen horrekin), eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Hirugarren Arloak onartu egin du, eta txistukada delitu izan ote zen ikertzea agindu dio epaileari.
Instrukzio epailearen esanetan, iazko txistukada 2009ko finalean jazotakoaren "antzekoa" izan zen. Orduan fiskalak auzia artxibatzea babestu zuenez, kasu honetan ere berdin egitea erabaki zuen.
Alfonso Guevara, Andonio Diaz Delgado eta Fermin Echarri epaileek orain argudiatu duenez, baina, "Kataluniako independentziaren inguruko giro instituzionala zeharo ezberdina zen 2015ean, 2009koarekin alderatuta".
"Nahikoa da ikustea Kataluniako Gobernuak azken bi urteetan hartutako erabakiak, Kataluniako independentzia lortzeko", adierazi dute.
Fiskaltzaren ustez, txistukada "neurrigabea" izan zen, eta "aldez aurretik antolatuta" zegoen, erregea eta Espainiako himnoa iraintzeko.