Politika -
Noos epaiketa
Romerok 'desegokitzat' jo zuen Urdangarinen jarduera Noos institutuan
"Urdangarinen jarduera egokia, legezkoa eta oso onuragarria zen, baina aukeratutako bide juridikoa, ez zitzaidan egokiena iruditu", esan du erregearen aholkulariak Noos auziaren epaiketaren barruan.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Manuel Romero Juan Carlos erregearen lege-aholkulariak "desegokitzat" jo zuen Iñaki Urdangarinek Noos Institutuaren jardueraren harira egindako kudeaketa. Izan ere, Romeroren ustez, errege-erreginen familia eta ahaideek ezin dituzte enpresaren berezko merkataritza eragiketak egin.
"Urdangarinen jarduera egokia, legezkoa eta oso onuragarria zen, baina aukeratutako bide juridikoa, ez zitzaidan egokiena iruditu", esan du Romerok lekuko gisa Palmako Auzitegian, Noos auziaren epaiketaren barruan.
Romero Errege-etxearen zuzenbide gaietako aholkularia izan zen 1999 eta 2003 urteen artean. Erregearen aholkulariak azaldu duenez, Iñaki Urdangarinek eta Diego Torresek sortutako enpresak administrazio publikoekin eta enpresekin kontratatzen zuen jardueraren berri 2005ean izan zuen. Romeroren ustetan, jarduera hori ez zetorren bat Errege-etxearen idatzi gabeko arauekin eta horrela azaldu zion Alberto Aza Errege-etxearen orduko zuzendariari.
Romerok eta Azak Noos institutuaren presidentzia uzteko gomendatu zioten Urdangarini. Ildo horretan, Iñaki Urdangarini kirol ekitaldi handien inguruko jarduera ekonomikoa burutzeko fundazio bat sortzeko gomendioa egin ziola esan du. Hala ere, Diego Torresekin zuen harremana apurtzeko ez zuela premiatu azaldu du.
"Ez nuen inolako zalantzarik Torres jaunak egiten zituen lanen gainean", gaineratu du. "Inolaz ere ez zegoen susmorik legez kontrako jarduerak egiten ari zutenik Urdangarinek eta Torresek", azpimarratu du.
Noos auziaren epaiketaren hogeita hamaseigarren eguna da gaur, eta bost lekuko deitu dituzte deklaratzera.