Politika -
Negoziazioak
Riverak PP-PSOE-C's ituna proposatu du, presidente independentea buru
Ciudadanosen presidenteak uste du elkarrizketak “blokeatuta” daudela alderdietako buruzagien “egoera pertsonalagatik”, eta hori “libratzeko” irtenbidea eskatu du.
agentziak | erredakzioa
Albert Rivera Ciudadanosen presidenteak PPk, PSOEk eta alderdi laranjak osatutako adostasuneko gobernua osatzea proposatu du, baina Mariano Rajoy, Pedro Sánchez eta bera kanpoan utzita, eta independente bat jarrita presidente.
Riverak Telecincon egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, ados dago Francesc de Carrerasek El Pais egunkarian argitaratutako iritzi artikuluarekin.
De Carrerasek testu horretan esaten du buruzagi politikoen arteko desadostasunak "konponezinak" direla, eta horrek gobernua osatzea galarazi duela eta hauteskundeak deitzera behartuko dituela. Horregatik, alderdi guztiek onartuko luketen "pertsona independente bat" aurkeztea ikusten du aukera gisa, "susmo alderdikoien gainetik" egongo litzatekeelako.
Riveraren esanetan, "puntu honetara iritsita", Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiaren inbestidurak porrot egin ostean; PPk, PSOEk eta C’s-ek bilera egiteko zailtasunak ikusita; eta Felipe VI.a erregeak alderdiekin bilera sorta abiatzear duela, De Carrerasen proposamena ez da "astakeria".
Ciudadanosen presidenteak uste du elkarrizketak "blokeatuta" daudela alderdietako buruzagien "egoera pertsonalagatik", eta hori "libratzeko" irtenbidea eskatu du. Hala, "buruzagi politikoak bagara arazoa, eman dezagun pauso bat atzera" eta "izan gaitezen adostasuneko gobernu bat osatzeko gai", gaineratu du.
Gobernu hori "moderatua" eta "trantsiziokoa" izango omen litzateke, eta alderdien arteko akordio sorta batean oinarrituko litzateke, hezkuntzaren itun nazionala, hauteskunde legearen erreforma, ustelkeriaren kontrako neurriak eta Konstituzioaren aldaketa aurrera ateratzeko.