Politika -
Bilera Moncloa Jauregian
Erreferenduma egin ahal izatea eskatu dio Puigdemontek Rajoyri
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Puigdemont hartu duenean 'On Kixote' liburua oparitu dio.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemontek Generalitateko presidenteak agiri bat eman dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari, hainbat eskakizunekin, besteak beste, Katalunian independentziaren gaineko galdeketa egin ahal izatea eta aurtengo defizit helburua % 1ekoa izatea.
Generalitatetik zabaldu duetenez, Puigdemontek dokumentua eman dio Rajoyri, biek gaur, asteazkena, Moncloan izan duten bileran, bi ordukoa.
Agiria 46 atalek osatzen dute, eta 28tan "Estatuak Kataluniarekin bete ez dituen" betebeharrak, "gehiegikeriak eskumenetan eta esku-hartzeak Gobernuaren jardunean" jaso dituzte.
Esaterako, Espainiako Gobernuak Raul Romevak gidatutako Kanpo Arazoetarako kontseilaritzaren kontrako helegitea aipatu dute, Gobernu espainiarrak Katalunian duen ordezkaritzak "udal kataluniarrek egindako ekintzen jazarpena" egin duela iritzita.
Gainera, 842 miliotan zenbatu dute Generalitateak bildu ezin izan duen dirua, Gobernuak Katalunian onartutako legeen aurka egindako helegiteen ondorioz, esaterako, bankuetako funtsen gaineko zerga edo zerga nuklearra.
Era berean, Estatuko Aurrekontu Orokorretako lurraldekako inbertsioa ez dator bat Kataluniak Estatuko BPGean ematen duenarekin, eta horrek eragina zuzena dauka kataluniarrei ematen zaizkien oinarrizko zerbitzuetan.
Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Puigdemont hartu duenean 'On Kixote' liburua oparitu dio.
Puigdemont 17:00 pasatxo iritsi da Moncloa Jauregira. Horrelakoetan ohikoa denez, eraikinaren atarian zain izan du Rajoy, eta bi agintariek elkarri agurtu diote, kazetarien aurrean eta Espainiako, Kataluniako eta Europar Batasuneko banderak ondoan zituztela.
Argazkiak atera ostean, barrura sartu dira eta bien arteko lehen bilera ofizialari hasiera eman diote.