Politika -
Polizia operazioa
Atxilotu bat Bilbon, Interneten terrorismoa goratzea leporatuta
ETA, GRAPO, IRA eta Terra Lliure goraipatzea eta Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren, Ertzaintzaren eta hainbat politikariren kontrako komentarioak zabaltzea egozten diote.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Poliziak pertsona bat atxilotu du Bilbon Interneteko sare sozialetan terrorismoa goratzea leporatuta.
Espainiako Poliziak ETA, GRAPO, IRA eta Terra Lliure taldeak goraipatzea egozten diote atxilotuari. Poliziak prentsa-ohar batean azaldu duenez, atxilotuak borroka armatuari ekiteko deia egiten zuen, ETAko presoen amnistia eta independentzia aldarrikapenekin batera.
Era berean, atxilotuak (ez dute argitu nor den) komentario erasokorrak idatzi omen zituen eta Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren, Ertzaintzaren eta hainbat politikariren kontra.
Auzitegi Nazionalak zuzendutako operazioak irekita jarraitzen du, eta ez dute baztertzen atxiloketa gehiago izatea.