Politika -
Eusko Jaurlaritza
Alonsoren adierazpenak 'lotsagarriak' direla esan du Erkorekak
Osasun ministroa “zuzendu” nahi izan du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Espainiako Gobernuaren eta Gasteizko Exekutiboaren artean 33 “auzi gurutzatu” daudelako.
Agentziak | Erredakzioa
Alfonso Alonso Osasun ministroaren adierazpenak “lotsagarriak” direla adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Erkorekaren ahotan, Alonsok EAEko Exekutiboarekin eta EAJrekin “adostasuna eta akordioak bilatzeaz” hitz egitea “kontraesana” da, “Espainiako Gobernuaren jarrerak autogobernuarekiko eta Jaurlaritzarekiko ikusita; eskumenen judizializazioa behin eta berriro, eta zentralizazioa”.
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Exekutiboaren arteko gatazka maila “oso handia” ez zela adierazi zuen Osasun ministroak, legealdi honetan Madrilek EAEko hiru lege soilik auzitara eraman dituelako. Hala ere, Jaurlaritzak 23 eskumen gatazka planteatu dituela gogorarazi zuen Alonsok.
Alonso “zuzendu” nahi izan du Erkorekak, Espainiako Gobernuaren eta Gasteizko Exekutiboaren artean 33 “auzi gurutzatu” daudelako. Auzitegi Konstituzionalaren aurrean aurkeztutako helegiteak eta administraziorekiko auzi-prozesuak zenbatu ditu Jaurlaritzako bozeramaileak.
Administrazioarekiko auzi-prozesuen bidez, Espainiako Gobernuak 35 orduko lanaldia eta Hezkuntza Saileko beka politika auzitara eraman ditu, Erkorekak gogorarazi duenez.
Mariano Rajoyren Exekutiboaren “zentralizazio obsesio etengabea izan da legealdian”, ziurtatu du bozeramaileak. Erkorekaren hitzetan, erkidegoek eta oposizioak Kongresuan Gobernuaren jarrera salatu dute, ez bakarrik Jaurlaritzak.
“Bistako kontraesana”
Horregatik, PPko buruzagiak EAJri akordiorako eta lankidetzarako deia egitea “bistako kontraesana” da, Espainiako Gobernuak legealdian eta “batez ere azken hilabeteetan” izandako jarrera ikusita, Erkorekak azaldu duenez.
Zentzu horretan, Alonsoren hitzak Eusko Jaurlaritzarengana eta EAJrengana “hurbiltzeko” izan zirela onartu du bozeramaileak, baina aldi berean “Gobernuaren jarrerak” salatu ditu, “autogobernuaren aurkako ekimenak, eskumenen judizializazioa eta zentralizazioa” aurrera eraman dituelako.