Politika -

Operazioa Nafarroan

Zazpi atxilotu Burlatan, Guardia Zibila 'iraintzea' egotzita

Atxilotuak Txelui Moreno, Ibai Moreno, Mikel Otano, Esteban Gota, Julia Ibañez, Saioa Ibiriku eta Itxaso Torregrosa dira. Atxilotuetako sei dagoeneko aske geratu dira.

Burladako horma-irudia. Argazkia: EiTB
Burladako horma-irudia. Argazkia: EiTB
Burladako horma-irudia. Argazkia: EiTB

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak zazpi pertsona atxilotu ditu Burlatan (Nafarroa) Guardia Zibila “iraintzea” leporatuta, Poliziako iturriek Europa Press albiste-agentziari baieztatu diotenez.

Atxilotuen artean, Txelui Moreno ezker abertzaleko militantea eta haren semea, Ibai Moreno, daude, Sortuk Twitter sare sozialean baieztatu duenez. 08:30 aldera atxilotu dituzte.

Iturri ofizialek jakitera eman dutenez, operazioak zabalik jarraitzen du eta Burlatan margotutako horma-irudi batekin zerikusia du. Irudiak 4/2014 sumarioko inputatuek ustez jasandako torturak salatzen ditu.

Gainerako atxilotuak Saioa Ibiriku, Mikel Otano, Esteban Gota, Julia Ibañez eta Itxaso Torregrosa dira. Ibiriku Iruñean atxilot dute.

 

Amai Izko Sortuko bozeramaileak operazioa salatu du Radio Euskadin. Poliziaren ekintza "larria eta lotsagarria" dela adierazi du.

Horma-irudiak “Tortura” eta “Aztnugal” hitzak jasotzen ditu. Azken hori torturaren aurkako kanpaina bat bultzatzeko erabili dute atxilotu batzuek lehenago. Irudia Udalaren eraikin batean egin zuten, Joaquin Azcarate kalean.

Jon Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Gorka Mayo, Gorka Zabala eta Iker Moreno Ekineko ustezko kideek Auzitegi Nazionalean salatutako torturak gaitzesteko#aztnugal kanpaina abian jarri zuten. Bostak ez dira espetxera sartuko Fiskaltzarekin akordio batera heldu ondoren.

Aske

Atxilotuetako sei dagoeneko aske geratu dira, Iruñeko polizia-etxean deklaratu ondoren, Txema Noval Burlatako alteak ETB-2ko 'En Jake' saioan baieztatu duenez.

Komisariako kanpoaldean senideak eta lagunak zain dituzte atxilotuek, baita EH Bilduko foru parlamentari batzuk ere.

Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailea polizia-etxera hurbildu da goizean, eta Txelui Moreno, haren bikotekidea eta seme bat, eta baita bikotearen lagun batzuk ere, atxilotu dituztela jakinarazi du.

EH Bilduko bozeramailearen ahotan, atxilotuak horma-irudiaren egileak lirateke. Burlatako Udalak irudia margotzeko baimena eman zien. Horregatik, Burlatako alkatea ere deklaratzera deitu du Poliziak, Araizek azaldu duenez.

“Mendeku” politikoa

Atxiloketek zentzurik ez dutela goraipatu du buruzagi abertzaleak. “Mendeku” politiko bat direla salatu du Araizek, akusazioa delitua ez delako. EH Bilduko parlamentariaren ahotan, deklaratzera deitzearekin nahikoa izan behar luke.

Horma-irudi bat margotu izanagatik atxilotzeak “torturaren” existentzia agerian uzten duela uste du Araizek. Salatutako tratu txarrak ikertzen ez dituztela salatu du ordezkari abertzaleak. Zentzu horretan, Europako auzitegien sententziak gogorarazi ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Burlata albisteak