Politika -
Kontsulta
Podemoseko militanteen %88, PSOE-Ciudadanos itunaren aurka
Bestalde, %91,79k bat egin du Podemosek, En Comu Podemek eta En Mareak aldarrikatzen duten aldaketarako gobernuaren proposamenarekin.
agentziak | erredakzioa
Galdeketan parte hartu duten Podemoseko militanteen %88,23 PSOEk eta Ciudadanosek Espainiako Gobernua osatzen saiatzeko egin duten itunaren kontra agertu dira.
Bestalde, % 91,79k bat egiten du Podemosek, En Comu Podemek eta En Mareak aldarrikatzen duten aldaketarako gobernuaren proposamenarekin.
Pablo Echenique Podemosen Antolakuntza idazkariak prentsaurrekoa eman du Zaragozan, apirilaren 14tik larunbateko 23:59 arte egindako galdeketaren emaitzen berri emateko.
Echeniquek esan du boto-emaileen % 11,77k baiezkoa erantzun diola Rivera-Sanchezen gobernu itunari, eta % 8,21 Podemosek, En Comuk eta En Mareak osatutako Gobernuaren kontra agertu dela.
Guztira 149.444 pertsonek parte hartu dute galdeketan, erroldaren % 37,97ak hain zuzen ere, baina % 72,96ak errolda aktiboa aintzat hartuz gero, azken urtebetean parte-hartzerako webgunean sartu direnak bakarrik kontuan izanda.
Echeniqueren arabera, datu horiek agerian uzten dute jendeak "erantzun" egin duela, PSOEren kasuan baino are gehiago, sozialistek Ciudadanosekin egin zuten akordioaren inguruan galdetu zutenean baino 50.000 pertsona gehiagok parte hartu duelako.
Militanteen agindu hori "betebeharra" omen da orain Podemosentzat, eta "bide koherente bakarra", PPren politika sozialarekiko "desberdina" den gobernu bat dela azpimarratu du Echeniquek.