Politika -

Manifestazioa Bilbon

Jaurlaritzak bide legalen aldeko apustua berresteko eskatu die presoei

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak begi onez jo du Bilboko manifestazioa, baina “asmoetatik urratsak” egitera igaro behar dutela azpimarratu du.

Unibertsitateko ordezkariak, Urkullurekin eta Fernandezekin. Argazkia: Efe
Unibertsitateko ordezkariak, Urkullurekin eta Fernandezekin.
Presoek espetxe onurak erabiltzearen alde agertu da Jaurlaritza

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak esan du "ongi" dagoela bide legalen aldeko apustua egitea ETAko presoak gizarteratzeko, igandean Bilbon egindako manifestazioan milaka herritarrek egin zuten moduan, baina uste du "asmoetatik urratsak" egitera igaro behar dutela.

Fernandezek, Gasteizen emandako prentsaurreko batean, atzoko manifestazioa izan du hizpide, kazetariek galdetu diotenean.

Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak "duela denbora askotik" eskatzen diela presoei "kartzela onurak aprobetxatzeko", orain arte uko egin dieten arren.

Hori dela eta, "bide horretan aurrera egiteko guztia ondo" iruditzen zaiola azpimarratu du. Dena dela, "oraindik" ez dutela "pausorik eman" adierazi du, "asmoak" azaldu besterik ez dutela egin.

Harrera unibertsitateei

Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin die euskal autonomia-erkidegoko unibertsitateen hiru errektoreei, Bakegintza eta Bizikidetza Planaren barnean jorratutako proiektuen xehetasunak ezagutzeko. Iñaki Goirizelaiak (EHU), Jose Maria Guibertek (Deustuko Unibertsitatea) eta Vicente Atxak (Mondragon Unibertsitatea) 2015ean gauzatutako 'Ahotsak' proiektua eta herritarren parte-hartzera zuzenduko den ekitaldi honetako ekimenen edukia aurkeztu dute. Eusko Jaurlaritzaren eta unibertsitateen arteko lankidetza 2014an sinatutako elkarlanerako hitzarmen baten ondorio da, Bakegintza eta Bizikidetza Planari lotua.

Lehendakaritzan gaur goizean egindako bileraren ondoren, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandez prentsaren aurrean agertu da hiru unibertsitateetako ordezkariak alboan zituela: Iker Uson (Deustuko Unibertsitatea), Pello Urkidi (EHU), Begoña Pedrosa (Mondragon Unibertsitatea).

Fernandezek unibertsitateetan egindako lana goraipatu du, eta, esan duenez, horien ekarpenarekin koska bat egin da aurrera bizikidetzaren eta memoria anitzaren eraikuntzan.

'Ahotsak'

2015ean gauzatutako proiektuan, bake eta bizikidetzarako hezkuntza txertatu da unibertsitate-esparruan, Deustuko Unibertsitatearen zuzendaritzapean. Zehazki, 'Ahotsak' izeneko unitate didaktikoa sortu da, ikus-entzunezko materialen bilduma bat eta gai horiek unibertsitate-esparruan lantzeko laguntza-gidak eskaintzen dituena. Atal bat gehitu zaio webguneari, terrorismo, biolentzia eta giza eskubideen urraketekin loturiko 12 ikus-entzunezko pieza (dokumentalak, filmak, etab.) eskaintzen dituena, guztiak ere terrorismoaren, indarkeriaren edo giza eskubideen urraketen gaiak lantzen dituztenak. Guztiek atxikita dute gida didaktiko bat, unibertsitate-irakasleei zuzendua, eskoletan erabil dezaten. Egin den esperientzia pilotuan hiru unibertsitateetako 280 ikaslek hartu dute parte. % 90en iritzian, esperientzia "oso positiboa" izan da.

Herritarren parte-hartzea

2015. urtean egindako ildo beretik, herritarren parte-hartzea sustatzeari ekingo zaio aurten, Jaurlaritzak esan duenez. Udalen eta askotariko gizarte-erakundeen esku jarriko den bitarteko bat sortu eta eskaintzea da xedea, herritarrek memoria eta bizikidetza eraikitzen parte hartzea sustatzeko. Bitarteko horren oinarrian egongo dira Idazkaritza EiTBrekin batera sustatzen ari den azken bost hamarkaden gaineko memoria kritikoari buruzko bost dokumentalak. Proiektu hori 2015ekoaren jarraipena izango da, dokumentalaren pedagogiaren aldetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Presoak argazkiak ETA gaur Eguneko albisteak