Politika -
Gobernu osaketa
Gobernu akordioa egiteko dei egin dio PPk PSOEri
Javier Maroto buruzagi popularraren esanetan, Jose Manuel Soria ministro ohiaren auzia ondo baino hobeto azalduta dago, eta kasu horrek ez luke negoziazioetan eragin beharko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gobernu osaketarako denbora agortzen ari da eta PPk gobernu akordioa egiteko dei egin dio igande honetan PSOEri. "Blokeoa" alboratuz gero, oraindik ere gobernu "sendo, transbertsal eta berria" osatzeko aukerak badaudela ohartarazi dio Javier Maroto PPko Ekintza Sektorialeko idazkariordeak Pedro Sanchez buruzagi sozialistari. Hori bai, Sanchezek aldeko jarrera erakutsi ezean Rajoyk ez diola deituko nabarmendu du Marotok.
"Sanchezek blokeoa alboratzen duela antzematen dugunean" gobernua osatzeko "zubia" izango da, adierazi du Marotok Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan.
Ildo horretan, Marotok esan du Sanchezek jarrera aldatuz gero, azkar iritsi beharko dutela adostasunetara hauteskundeak errepikatzearen "mamua" gainean dutela argudiatuta.
Hauteskundeak errepikatzekotan PPren hautagaia Mariano Rajoy izango litzatekeen galdetuta, Marotok nabarmendu du alderdiaren estatuak "argiak" direla eta alderdiko presidentea dela hauteskundeetarako hautagaia.
Bestalde, Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroaren dimisioa ere hizpide izan du. Marotok azpimarratu duenez, Soriaren auzia "ondo baino azalduta dago" eta Soria dagoenezko ez da Mariano Rajoyren gabineteko ministro. "Hala ez balitz, beste era batera eragin zezakeen", gaineratu du.