Politika -
Profila
Soria, 'Panamako paperen' aurrean amore eman zuen ministro mediatikoa
Soria politika nazionalera Mariano Rajoyren eskutik heldu zen. Hezkuntza ekonomiko sendoarekin eta eleanitza izanik heldu zen Kanariar Uharteetatik Madrilera.
Agentziak | Erredakzioa
Zerga-paradisuetako sozietateekin lotuta agertu da azken egunetan eta azkenean Jose Manuel Soria ministro mediatikoak amore eman du.
Industria elektrikoei, ekologistei eta herrikideei aurre egin behar izan die Soriak azken lau urteetan. Erreforma elektrikoaren aurrean mesfidantza agertu zuten enpresek, ekologistek zentral nuklearrak ixtea eskatu diote eta Repsolek Kanariar Uharteetan egin nahi dituen esplorazioen aurrean protesta egin dute herrikideek.
Soria politika nazionalera Mariano Rajoyren eskutik heldu zen eta hurbil mantendu da legealdi osoan. Hezkuntza ekonomiko sendoarekin eta eleanitza izanik heldu zen Kanariar Uharteetatik Madrilera. Hala, Ministerio garrantzitsu bat zuzendu du.
Repsoli YPF kentzea, Castor plataformaren arazoak edo ontziolen ‘tax lease’-a protagonista nagusiak izan dira Soriaren kudeaketan, baina beti ere krisi ekonomikoa itzalean zegoela.
Argindarreko kontuak orekatzeko saiakera batean, Soriak neurri ugari hartu ditu, bi Estatu idazkariekin batera: Fernando Martirekin lehenengo, eta Alvaro Nadalekin ondoren. Xedea ia 30.000 euroko tarifa defizitaren enbarazua murriztea zen.
Kanariar Uharteetan hidrokarburoen esplorazioak egitea beti defendatu du ministroak. Kanarietako politikara itzuli behar zela zioten zurrumurruek, baina ez da sekula gertatu.
Azkenean, nahiz eta dimisio eskaera ugari egin azken urteetan, ‘Panamako paperak’ izan dira garaile, eta jardunean dagoelarik erantzukizunei uko egiten dien demokraziako lehen ministroa izan da.