Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Soria jarduneko ministroak uko egin dio karguari

Luis de Guindosek bere gain hartu du Industria Ministerioaren gidaritza. Montororen esanetan, "paradisu fiskaletan ibili den inork ezin du Gobernuan egon".

Jose Manuel Soria. EFE.
Soriak ministro kargua utzi du, Panamako paperetan azaldutakoagatik

1:40

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Soria orain arte jardunean egon den Industria, Energia eta Turismo ministroak karguari uko egin dio. Ohar bidez jakinarazi du albistea Soriak. Bertan dioenez, erabakia "atzeraezina" da eta, dagoeneko, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari helarazi dio.

Diputatu kargua eta Karanietako PPren Presidentetza ere utzi ditu. Hala, Maria Dolores de Cospedal Alderdi Popularreko idazkari nagusiari modu ofizialean jakinarazi dio "ardura politikoei" uko egingo diela. Jardunean egonda, ezin du dimisiorik eman, karguari uko egin baizik.

Abenduaren 20ko hauteskundeak egin zirenetik, jardunean daude Espainiako Gobernuko kide guztiak. 'Panamako paperen' eskandalua lehertu ondoren utzi ditu bere ardurak Soriak. Atzo, bestalde, Jersey uharteko paradisu fiskalean beste 'offshore' sozietate bat izan zuela zabaldu zen.

Hori argitaratu orduko, Industria karguari uko egingo zion zurrumurruak zabaltzen hasi ziren. Atzo gaueko azken orduan, Soriak berak jakinarazi zuen ez zuela gaurko Ministro Kontseiluaren bileran parte hartuko.

Gobernuko kide guztiak jardunean daudenez, Rajoyk ezin du ordezkorik izendatu. Exekutiboko beste norbaitek hartu beharko ditu, Gobernu berria osatu bitartean, Soriak orain arte zituen ardurak.

'Okerrak'

Goizean kaleratutako oharrean jakitera eman duenez, azken egunotan "okerrak" egin ditu, "bata bestearen atzetik", paradisu fiskaletan izan dituen enpresen harira eta bere azken 20 urteotako jarduera ekonomikoa argitzeko azalpenak eman dituenean, eta horregatik hartu du kargua uzteko erabakia.

Azken egunotan azalpenak eman dituenean "okerrak" egin dituela onartu du dagoeneko ministro ohi denak, baina "duela 20 urte baino gehiago izandako gertakari batzuen gaineko informazio faltak" eragin ditu horiek, horren esanetan; nolanahi ere, enpresa jarduera horiek ez dutela bere ardura politikoekin inolako loturarik izan nabarmendu du.

"Politikak, une oro, eredugarria izan behar du, pedagogian eta azalpenetan. Hala ez denean, nork bere erantzukizunei aurre egiten jakin behar da", esan du agirian.

"Ardura politiko osoa" utziko duela zehaztu du Soriak idatzian. "Agerikoa da egoera honek Espainiako Gobernuari, nire kideei eta boto-emaileei kalte egiten diela",  gaineratu du.

Montorok: "Ezin du egon"

Cristobal Montoro jarduneko Ogasun ministroak Jose Manuel Soria Industria ministroak karguari uko egin eta ordu gutxi geroago azpimarratu duenez, "paradisu fiskaletan ibili den inork ezin du Gobernuan egon".

Ministro Bileraren ondotik egindako prentsaurreko batean, Montorok zehaztu egin du oraindik baieztatzeke dagoela Soriak halakorik egin duenik. Halere, argi utzi du susmo txarra hartzeko "zantzurik" duenak ezin duela Gobernuan egon, kontuan hartuta bizi duen egoera (Gobernuak). Arduradun publikoek -esan du Montorok- betebeharrak dituzte eta argi izan behar dute zeintzuk diren mugak.

Ministerioa, De Guindosen esku

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak onartutako Errege Dekretu baten bidez, Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun jarduneko ministroak Industria, Energia eta Turismo Ministerioko "ohiko bulegoa" bere gain hartuko du, Presidentetza Ministerioak zabaldu duenez.

Hala, Rajoyk -bere atribuzioez baliatuta- agindu duenaren arabera, "Soriaren uko egiteak utzitako postuaren ondorioz, Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak aipatutako departamentuari dagozkion gaien bulegoa" hartuko du bere gain.

De Guindosek ekonomian duen gaitasunaz gain, Cuzcoko bulegoetan elkarrekin lan egitea ekonomia ministroak izango duen erraztasunetako bat izango da.

Gaienera, aurreikusi dutenez, Guindos Industria Ministerioan lan egiten duten gainerako goi kargudunekin bilduko da astelehenean, esaterako, Alberto Nadal Energia estatu idazkariarekin, Victor-Calvo Sotelo Telekomunikazioetako estatu idazkariarekin eta Isabel Borrego Turismo estatu idazkariarekin, hartu-emana abiarazteko eta larrialdi handiko gaiak mahaigaineratzeko.

Rajoy Kongresuan agertzea eskatzen du oposizioak

Kanarietatik, Ministeriora

1958ko urtarrilaren 5ean jaio zen Las Palmas Kanaria Handikoan. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna, ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Estatuko Merkataritza eta Ekonomia Teknikarien taldeko kidea da.

Las Palmaseko alkatea izan zen 2003-2007 legealdian, eta Kanarietako Gobernuko presidenteordea eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaria 2007-2010 aldian.

2008an Alderdi Popularrak izandako beherakadaren ostean, Mariano Rajoyren bidelagun nagusienetakoa izan da, PPren eraberritze prozesuan. Valentziako Kongresuan hasi zuten bide hori, eta bertara eraman zuten ponentzia politikoaren egileetako bat izan zen Soria. Testu horrek, besteak beste, Maria San Gil Euskadiko PPren orduko presidentearen dimisioa eragin zuen.

2011n Industria ministro kargua hartu zuen. Kolore anitzetako gobernu eta exekutiboetan zuen eskarmentua eta ekonomia munduan zuen esperientzia hartu zituen aintzat Rajoyk Soriari Industria Ministerioaren ardura emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia albisteak Panama Albisteak