Politika -
Deklaratu egin du Auzitegian
Santanderretik ez duela dirurik jaso esan dio Garzonek Gorenari
Garzonek eskertu egin dio Gorenari "gezurrak ezeztatzeko" aukera eman izana. Bere abokatuaren esanetan, epaileak ez ditu haren aldeko manifestazioak kontrolatzen eta "kalte" egiten diote.
Erredakzioa
Banco Santanderretik dirurik ez duela jaso esan dio epaileari Baltasar Garzonek. Lau ordu eta erdi egon da epailearen aurrean, auzipetu moduan. New York-eko Unibertsitatean egon zenean Banco Santanderretik diru kopururik ez zuela jaso berretsi du Auzitegi Gorenean.
Enrique Molina Garzonen abokatuak jakinarazi duenez, Garzon arratsaldeko 15:30etan atera da epaitegitik adierazpenik egin gabe. Garzonek Gorenari eskertu egin dio "oinarririk gabeko gezurrak ezeztatzeko" aukera eman izana.
Bere bezeroaren aldeko azken egunetan egin dituzten manifestazioen harira, bere defentsa estrategiari "kalte" egiten diotela dio Enrique Molinak eta Garzonek, horiek "kontrolatzen" ez dituela azpimarratu du.
Zentzu horretan, abokatuak "zuhurtasuna eta pazientzia" eskatu die Oroimen Historikoa defendatzen duten kolektiboei. Frankismoaren hilketak ikertzeagatik, Gorenak prebarikazio delitua egotzi zionetik, Garzonen aldeko itxierak eta kontzentrazioak antolatu dituzte.
"Pazientzia, dena bukatuko delako eta auzi honetan, behintzat, ziur nago (emaitza) baikorra izango dela", gaineratu du Molinak.
3 auzietan inputatuta
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailea inputatu gisa deklaratu du Auzitegi Gorenean, zabalik dituen hiru auzietako baten baitan.
Hain zuzen ere, 2005 eta 2006 urteen artean Santander bankuak antolatuta New Yorkeko Unibertsitateko ikastaro batzuetan jasotako diruaren auzia da gaur hizpide izan dutena.
Kereila jarri duten abokatuek, Jose Luis Mazonek eta Antonio Paneak, zera egozten diote: Ikastaroak antolatzeko 302.000 dolar jaso izana, trukean Santander bakuko goi-kargudun batzuen aurkako kereila bat ez onartzeko.
Frankismo garaiko krimenak ikertzen hasteagatik epaitu egingo dutela jakin denetik, mobilizazioak ugartzen ari dira hainbat sektoretan, Garzonen alde. Kasu horretan bezala, honetan ere Fiskaltzak ez du akusaziorik aurkeztu.