Politika -
Auzitegi Nazionala
Bob Esponja titiriteroen lana baino gogorragoa dela uste dute lekukoek
Gaurko auzi-saioaren ostean, defentsa abokatuak espero du Ismael Moreno epaileak auzia artxibatuko duela.
agentziak | erredakzioa
Madrilgo inauterietan terrorismoa goratzea leporatuta Auzitegi Nazionalean bi titiriteroren kontra egiten ari diren epaiketan bi lekukok deklaratu dute gaur, eta esan dute indarkeria gehiago dagoela Bob Esponjaren marrazki bizidunetan. Gainera, titiriteroen lana eman aurretik ikusli indarkeriazko eszenak eta "antipedagogikoak" egongo zirela ohartarazi zietela azpimarratu dute.
Raul Garcia Perez auzipetutako titiriteroak eskatuta deklaratu dute bi lekukoek, eta adierazi dute "La Bruja y San Cristobal" lanean ez zela beste titiritero batzuen lanetan baino indarkeria gehiago ikusten.
Lekukoek azaldu dute haurrak aspertuta zeudela lana ikusten, eta helduak ere ez zirela oso ondo ohartu zertaz zihoan, esperantoz eta latinez zelako bereziki, Jaime Montero defentsa abokatuak gaineratu duenez.
Gaurko auzi-saioaren ostean, abokatuak espero du Ismael Moreno epaileak auzia artxibatuko duela.
Titiriteroak bost egunez egon ziren preso, ikusle batek "Gora Alka-ETA" hitz jokoarekin egindako kartel bat ikusi zuenean salaketa jarri ostean, eta auzia artxibatzea eskatu dute gaur.
Aurreko martxoaren 16an, ordea, beste lau lekukok deklaratu zuten, seme-alabekin titiriteroen lana ikustera joan ziren guraso batzuek eta bertan ziren Samurren bi langilek.
2 urteko alabarekin joan zen lekukoak Poliziarengana jo zuen kartela, moja baten bortxaketa eta epaile bat urkatuta ikusi ostean.