Politika -

Adierazpenak

Bera lider den koalizio bat eskaini dio Rajoyk PSOEri

Jarduneko presidentearen iritziz, eskaintza hori da bideragarria den bakarra: "PPk proposatutakoa dago indarrean, eta PSOEk nahi badu prest gaude hitz egiteko", esan du.

Mariano Rajoy. Argazkia: EFE.
Mariano Rajoy. Argazkia: EFE.
Mariano Rajoy. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Mariano Rajoyk koalizioko gobernua eskaini dio PSOEri, baldin eta PP liderra bada: "Gaur egun bideragarria den gauza bakarra da", aseguratu du gaur; ostiralean agerian geratu zen PSOE-C’s-Podemos balizko akordioa oso urrun dagoela.

Rajoyk PPk Bartzelonan egindako batzarrean hitz egin du ("Instituzio-indartzearen aldeko ituna" lelopean egin dute). Bertan, Rajoyk esan du koalizio hori dela hauteskundeak saihesteko irtenbide bakarra: "Indarrean dagoen proposamena PPrena da, eta nahi badu -PSOEk- hitz egin, prest gaude berorren gainean hitz egiteko".

Rajoyk gehitu du pozik hartuko lukeela Ciudadanos ere akordio horretan sartzea, baina gogorarazi du nola Albert Riveraren alderdiaren botoak, PP-PSOE ituna balego, ez liratekeen beharrezkoak izango, Kongresuan inbestidura gauzatzeko.

Bost euskarri, PP-PSOEren arteko balizko akordioan

PPko liderrak aldarrikatu duenez, abenduaren 21ean egindako proposamen bera da, alegia, hauteskundeen biharamunean egindakoa, eta deitoratu du PSOEk ez diola kasurik egin, EBko 28 herrialdeetako 15etan antzeko itunak badituzte ere.

Rajoyk onartu du PSOE eta PP hainbat gauzatan ez daudela ados, baina bost euskarritan bat egiten dutela, gobernu bati eusteko: Espainiako batasuna, nazio-subiranotasuna, espainiarren arteko berdintasuna, proiektu europarra eta terrorismoaren aurkako borroka.

"Gobernu egonkorra"

Rajoyk zehaztu du zeintzuk izango liratekeen, haren ustez, akordio handi horren onurak: gehiengo argia izango luke bai Kongresuan baita Senatuan ere, gobernua egonkorra izango litzateke eta, hortaz, epe luzerako adostutako erreformak egin litezke, eta, gainera, mezu ona emango lieke eragile ekonomiko eta sozialei.

"Espainiak benetan behar duena da gobernatu ahal duen gobernua, ideietan gutxieneko kohesioa duena, neurriak adosteko gai dena; gobernu egonkorra, konfiantza sortzeko, Espainian eta Espainiarik kanpo". Presidenteak uste du aukera dagoela PSOErekin egiteko.

Rajoyk gogorarazi du nolako egoera dagoen Europako zenbait herrialdetan, sozialistei argudioak ematea xede: Angela Merkelek, esate baterako, sozialdemokratekin gobernatzen du Alemanian, eta Austrian antzeko ituna dago, baina kontrakoa: sozialistek gobernatzen dute.

Jarduneko presidentearen esanetan, badago baldintza bat oinarrizkoa dena: botorik gehien jaso dituen indarrak gobernatu behar duela. Gogorarazi du PPk PSOEk baino 33 diputatu gehiago dituela: 123-90.

PP prest dago, hauteskundeak errepikatzen badira

Rajoyk ere uste du balitekeela hauteskundeak errepikatzea, eta aseguratu du alderdia prest dagoela, baina PSOEren jarrera deitoratu du: "Ez dute PPrekin hitz egin nahi izan. Eskubidea dute. Eseri ere ez dute nahi izan".

Nabarmendu ere nabarmendu du Pedro Sanchezen inbestidurarako proiektuak PPren erreforma nagusiak indargabetzea zuela jomuga: "Gorteetan porrota jaso du proposamen horrek; izan ere, ez zuen beharrezko babesa jaso", presidente bilakatzeko.

Rajoyk kritikatu ditu, halaber, PSOE, Ciudadanos eta Podemosen arteko negoziazioak: "Guk ez dugu parte hartu jolas horretan, eta ez dugu egin politika ikuskizun bilakatzea. Proposamen bat egin dugu, espainiarren beharrei erantzuna emateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Rajoy Alderdi politikoak bideoak Pedro Sánchez argazkiak Ciudadanos Gaurko azken ordukoa Albert Rivera bideoak