Politika -
Bilera Generalitatean
Iglesiasek erreferendumari babesa eman dio berriz Puigdemonten aurrean
“Beti defendatu izan dugu eta babesten jarraituko dugu”, adierazi du Podemoseko idazkari nagusiak. Bestalde, bere bide orriaren aplikazioan “irmo” mantenduko dela esan du Puigdemontek.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniaren etorkizun politikoa erabakitzeko erreferendum baten aldeko apustua berretsi du gaur Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak, Carles Puigdemont Generalitateko presidentearekin bildu ondoren: “Beti defendatu izan dugu eta babesten jarraituko dugu”.
Ia bi orduko bilera egin dute bi buruzagiek. Kataluniarrek etorkizuna legezko kontsulta batekin erabaki ahal izatea funtsezkoa ikusten dute Iglesiasek eta Podemosek. Inbestidura lortzeko negoziazioek jarrera aldatuko ez dutela ziurtatu du: “Guk gure hitza betetzen dugula azaldu diot presidenteari”.
Kataluniak Espainiatik alde egitea nahi ez duela argi utzi du Podemoseko agintariak, erkidegoa Konstituzioaren barruan erosoago sentitzea baizik. Andreu Ninen inguruko komikia oparitu dio Puigdemontek Iglesiasi.
Bestalde, Junts pel Siren bide orri soberanistaren aplikazioan “irmo” mantenduko dela esan dio Puigdemontek Podemoseko buruzagiari, baina erreferenduma egiteko proposamena “atzera ez botatzea” eskatu dio, Neus Munte Generalitateko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez.