Politika -
Mozioa
Azaroaren 9ko adierazpena berretsi du Kataluniako Parlamentuak
Testuak aldeko 71 boto (JxSi eta CUP) jaso ditu, eta kontrako 52 (C's, PSC eta PPC). CUPek proposatutako bi puntuak, ostera, atzera bota dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen, baina Kataluniako Parlamentuak azaroaren 9ko adierazpena berretsi du gaur mozio baten bidez. Catalunya Si Que Es Potek ez du bozketan parte hartu, eta C's, PPC eta PSCk aurkako botoa eman eta ekimena gogor kritikatu dute.
Testuak azaroaren 9ko adierazpenaren oinarrizko helburuak errepikatzen ditu. Aldeko 71 boto (JxSi eta CUP) jaso ditu, eta kontrako 52 (C's, PSC eta PPC). Bi puntu, aldiz, atzera bota dituzte.
CUPek proposatutako puntuak dira. Kargudun publikoek Estatuko erakundeen eskakizunak ez onartzea eta Esquadra Mossoek Auzitegi Nazionalaren aginduak ez betetzea eskatzen zuten puntuek, hain zuzen ere.
Ciudadanos, PPC eta PSCren kritika gogorrak
Parlamentuko Mahaiak egindako kudeaketa gogor kritikatu dute Ciudadanosek, PPCk eta PSCk; izan ere, Konstituzionalak baliogabe utzi ondoren “legez kontrako testua” onartzeko prozedura martxan jartzea erabaki du Mahaiak.
Gaurko agiriak “adierazpenaren xedeak errepikatzen” ditu, nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi. Gainera, azaroaren 9ko ebazpenari babesa emateagatik ikertutako eta “kriminalizatutako” udal guztiei “babes osoa” adierazi die.
Bestalde, adierazpeneko neurri guztiak aurrera eramateko egitasmoa eta “Kataluniako Konstituzioa” egiteko prozesu parte-hartzailea aurkezteko 60 eguneko epea eman dio Parlamentuak Gobernuari.