Politika -
EAE-ko hauteskundeak
Urkullu Arabako zerrendan sartzea proposatu du EAJk
EBBren proposamenean agertzen dira, era berean, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramailea, Bizkaian, eta Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Gipuzkoan.
agentziak | erredakzioa
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) Iñigo Urkullu lehendakaria Arabako zerrendan sartzea proposatu die alderdiko kideei, Bizkaikoan sartu beharrean.
EBBk bere egin ditu lurralde exekutibek egindako proposamena, eta bertan agertzen dira, besteak beste, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramailea, Bizkaian, eta Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Gipuzkoan.
Erkorekaz gain, Eusko Jaurlaritzako egungo hiru sailburu ere badaude zerrendan: Estefania Beltran de Heredia (Segurtasuna) eta Ana Oregi (Ingurugiroa eta Lurralde Politika) Araban, eta Arantxa Tapia (Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasuna) Gipuzkoan, EAJk berak jakitera eman duenez.
Proposamenean agertzen dira, era berean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Imanol Landa (Getxo) eta Andoni Busquet (Basauri) alkateak.
Legebiltzarrean "pisu handia" izan ohi duten Joseba Egibar eta Iñigo Iturratek ere zerrendan jarraituko dute, alderdikideek hala erabakiz gero behintzat.
EAJren barne hauteskunde prozesuaren arabera, lehenengo bueltan udal antolakundeek hautagaiak proposa ditzakete apirilaren 20ra arte, eta bigarren buelta apirilaren 27tik maiatzaren 4ra izango da.
Eusko Legebiltzarrerako hautagaitzak maiatzaren 5ean eta 6ean onartuko dituzte Lurralde Asanbladetan, eta egun bat geroago EBBk ezarriko du zerrenden ordena. Egun horretan bertan, maiatzaren 7an, onartuko ditu behin betiko zerrendak Asanblada Nazionalak.